Galdera

 

Entzuten zaituztegu: zuzena da?

 

Data: 2017/11/21



Erantzuna

 

Bai, baina Ipar EHko hizkeretan erabiltzen da. Hego EHn, entzuten dizuegu esaten dugu.

 

1/ Euskaltzaindiaren Hiztegian entzun sarrera kontsultatuta:


entzun, entzun, entzuten 1 du ad. Entzumenaren bidez sumatu. Ik. aditu. Entzun ezazu zer dioen. Bentzu munduak ene deiadarra. Ezin entzunezko hotsa. Entzuteko belarririk duenak entzun beza. Entzun bai, baina ulertu ez. Arretaz entzun. Nire hitzak entzun bai, baina betetzen ez dituena. Albiste hori entzun baino lehen. Askotan entzun diogu hori esaten. Gizon ikasi bati entzun niona. Horrelakorik entzun ere ez dute nahi. Eta Jainkoak bere eskaria entzun zion. Gure oraingo entzun beharra ez da izango makala. Gogorregi mintzatu zen, eta entzutekoak entzun zituen ordainetan: errieta entzun zuen ordainetan. || Entzun iezaguzu, Jauna. Zarata handia dago hemen eta ez dizut ondo entzuten. Amak zeruetatik entzun balio bezala.

[Oharra: entzun Hegoaldean, dio aditza da, pertsona bati dagokionean (entzun dizugu) eta Iparraldean, du aditza (entzun zaitugu)].


Ohar horretan dago koska: desberdin jokatzen da Hego eta Ipar Euskal Herrietako hizkeretan entzun aditzaren objektua pertsona bat denean. Esaterako, erreparatu azken hiru adibideei:


Hego EH

Ipar EH

Entzun iezaguzu, Jauna

Entzun gaitzazu, Jauna

Zarata handia dago hemen eta ez dizut ondo entzuten

Zarata handia dago hemen eta ez zaitut ondo entzuten

Amak zeruetatik entzun balio bezala [semeari]

Amak zeruetatik entzun balu bezala [semea]

 

Jakina, bestelako objektu bat denean, berdin jokatzen dugu denok:


Hego EH

Ipar EH

Amari entzun diot euskal(dun) kanta bat

Amari entzun diot eskualdun kanta bat

Auto baten zarata entzun zuen

Auto baten zarata entzun zuen

 

Hona hemen beste hiru adibide, Nola Erran frantses-euskara hiztegi elektronikoan aurkituak:


·         elle m'avait écouté jusqu'au bout avec un sourire = irriño batekin entzun ninduen bururaino

·         ceux qui ont écouté parler cet homme n'ont-ils pas un peu réfléchi? = gizon hura mintzo entzun dutenek ez ote dituzte bi gogoeta egin?

·         il m'écoutait de toutes ses oreilles et acceptait mes remarques en silence = adi-adi entzuten ninduen eta isilik onartzen ene oharpenak

 

2/ Seguruenik, mugaz bestaldekoek gorde dute usadio zaharra, Orotariko Euskal Hiztegiak (nolabait hiztegi historikotzat jo dezakegu, neurri handi batean) honela baitio entzun sarreran:


«Para 'escuchar a alguien' los septentrionales usan exclusivamente el aux. trans. bipersonal [NOR-NORK]; al Sur, desde mediados del s. XIX, se emplea generalmente el tripersonal [NOR-NORI-NORK], aunque parece que hasta esa época alternaban ambas construcciones (a menudo en un mismo autor), si bien predominando los ejs. del tipo entzun nauzu sobre los del tipo entzun didazu

 

3/ Beste hainbat aditzekin gertatzen da dikotomia berbera. Hemen dituzu haietako batzuk (Euskaltzaindiaren Hiztegitik jaso dugu informazioa, eta bertatik atera ditugu adibideak):


 

Hego EH

Ipar EH

Sinetsi (pertsona bati dagokionean)

emakumea, sinets iezadazu

emakumea, sinets nazazu

Aditu (pertsona bati dagokionean)

aditu dizugu

aditu zaitugu

Abisatu

Apaizari nork abisatuko dio?

Apaiza nork abisatuko du?

Urgatzi (zaharkitua)

zure alabari urgatzi behar diogu

zure alaba urgatzi behar dugu

Lagundu

etxera lagunduko dizut

lanean lagundu zion

etxera lagunduko zaitut

lanean lagundu zuen

Deitu

Leihotik deitu zion

Leihotik deitu zuen

(Nafarreraz ere bai)

Bazkaldu

goiz bazkaldu dugu

goiz bazkaldu gara

Afaldu

gaur goiz afaldu dugu

gaur goiz afaldu gara