Galdera

 

Haur kanta/jolas baten izenburuaz: “Honek arrautza erosi…”


Data: 2018/01/17



Erantzuna

 

Hatzen kanta, esaterako

 

1/ Berez, kantu herrikoiek (eta herrikoi bihurtu direnek ere) ez daukate izenburu finkorik. Maiz, kanta liburu batean bildu duen lehen ikerlariak asmatzen du izenburu bat; beste askotan, izenburua asko aldatzen da hizkera batetik bestera; eta beste batzuetan, lehen lerroko esaldia erabiltzen da izenburu modura, aski esanguratsua izanez gero.

Egile jakin bat duten kantei, berriz, egileak berak ezartzen die izenburua.

 

2/ Esaterako, kontsultan aipatzen diguzun kantuaren edo jolasaren kasuan, R.M Azkuek bere Euskalerriaren Yakintza obran jaso zuen (Espasa Calpe, Madril, 1942), 4. tomoan (esteka honetan daukazu oso-osorik: PDF formatuan jaitsi dezakezu): http://www.memoriadigitalvasca.es/handle/10357/2181), beste hiru kanturekin batera, laurak izen honen epigrafearen pean: “Beatzak (G), Erhiak (BN, L, S), Atzak (B) (Los dedos)”. Batek ere ez du izenburu jakinik, logikoa denez.

Eta kontuan hartu behar duzu eskuko hatzak izendatzeko hatz, atzamar, behatz, eri… berbak erabiltzen direla, eta beraz egokitu egin dezakezula zeure inguruko euskarara izenburua (bidenabar esanda, hatz bakoitzaren izena ere aldatu egiten da leku batetik bestera!). Guk, erantzun txikian, neutroena-edo aukeratu dugu.

Interesgarria gertatu dakizukeelakoan, aldatu dizkizugu hona (orduko grafian daude idatzita, ez euskara batuan). Ikusiko duzunez, zure kantuaren aldaerak dira batzuk:


a/ (Hatz txikiari aurrera eta gero banan-banan besteei oratu eta hau esaten da):


“Onek arrautza txiki bat ekarri zuan,

Onek erreten ipini zuan,

Onek gatza eman zion,

Onek pixka bat probatu zuan,

Pikaro zatar onek dana yan zuan.”

 

b/ (Esku bateko bost hatzak ukituz esaten dute haurrek)


“Hau xorittoa,

hau bilegarrottoa,

hau atzamailettoa,

hau prestatzailettoa

eta hau krikazalettoa.”

 

c/ (Ezkerreko eskuko bost hatzak bana-banan ukituta esaten da)


“Onek amari arrautza ostu,

Onek erreten imini,

Onek apur bat yan,

Onek dana yan,

Onek amari esan.”


 

d/ (Hatzak banan-banan ukituz hau esaten da)

 


“Pinpin serapin,

Kutxilo ta maratxin,

Ttutturruttu ttena,

Xabin xabin kosk,

Aittona kaxka motx,

Pipa motx.”