Galdera

 

'Urtebetetze batetan nago': zuzena da?

 

Data: 2018/01/19



Erantzuna

 

Ez. ‘Batean’ edo ‘baten’ izan behar du.

 

1/ Bat eta batzuk hitzen deklinabidea arautzeko, 1994an argitaratu zuen Euskaltzaindiak bere 12. araua (Bat eta batzuk-en deklinabidea).

Laburbilduta, honela dio:

 

«Hortaz, literatura tradizioaren bilakaera hau gogoan harturik, leku-denborazko kasuei dagokienez, forma hauek erabakitzen ditu Euskaltzaindiak euskara baturako (kontuan izan bata, batak eta halakoak beste hitzaren agerraldi mugatu baten eraginpean bakarrik erabiltzeko direla):

 

 

 

Mugagabea

Mugatua

(Batzuk)

NOR

bat

bata

batzuk

NORK

batek

batak

batzuek

NORI

bati

batari

batzuei

NOREN

baten

bataren

batzuen

NORENTZAT

batentzat

batarentzat

batzuentzat

NOREKIN

batekin

batarekin

batzuekin

ZERTAZ/ZEREZ

batez

bataz

batzuez

NON

batean, baten

batean

batzuetan

NONGO

bateko

bateko

batzuetako

NORA

batera

batera

batzuetara

NONDIK

batetik

batetik

batzuetatik

 

 

2/ Beraz, zenbatzailea denean, bat-en deklinabidean ez dago batetan formarik euskara batuan, ezta ordua esaten dugunean ere: Ordu batean / oren batean (eta ez ordu batetan, nahiz eta hiztun askok eta askok halaxe esan).

Amaitzeko, bi ohar:

·         batean edo baten erabili ditzakezu Euskaltzaindiaren arauaren arabera; edozein modutan, baten askoz ere markatuago dago batean baino, bizkaieraren tradiziokoa baita nagusiki.

·         Euskara baturako erabaki zen batetan baztertzea, baina asko erabiltzen da Ipar Euskal Herriko hizkeretan; batez ere, zubereraz.