Galdera

 

‘Euskaltzaindiako presidentea’ edo ‘Euskaltzaindiako lehendakaria’? ‘Athletic-eko presidentea’ edo ‘Athletic-eko lehendakaria’?


Data: 2018/01/23



Erantzuna

 

·         Euskaltzainburua (Euskaltzaindiko lehendakaria/presidentea)

·         Athletic-eko presidentea

 

1/ Postuen izena tradizio kontua izaten da. Printzipioz, lehendakaria eta presidentea sinonimotzat jo ditzakegu, baina usadioak markatzen du zein noiz erabili askotan.

XX. mendearen hasieran asmatu zen lehendakaria joera garbizaleari jarraituta, presidente eta horrelako terminoak euskaratik desagerrarazteko. Berdin gertatu zen ikurrin, ikastola, gudari… eta beste hainbat berbarekin. Askok eta askok arrakasta izan dute, baina esanahi generikoa galdu eta adiera bereziak hartu dituzte: gudariak eusko gudariak dira; ikastolak ez dira edozein eskola, ikurrina Euskal Herriaren bandera da… Era berean, lehendakaria, antonomasiaz, Eusko Jaurlaritzako burua da; baina beste arlo batzuetara ere zabaldu da. Hona nola definitzen duen Euskaltzaindiaren Hiztegiak:


lehendakari 1 iz. Gobernuburua; bereziki, Eusko Jaurlaritzako burua. Ik. presidente. J. A. Ardantza lehendakaria. Espainiako gobernuko lehendakaria. || iz. Errepublika bateko Estatuburua. Frantziako lehendakaria.

2 iz. Erakunde baten, biltzar edo elkarte baten burua. Udalbatzarraren lehendakaria alkatea da. Euskaltzaindiko lehendakaria (Ik. euskaltzainburu). Arabako Aldundiko lehendakaria. Medikuen elkargoko lehendakaria. Bilboko "Euzko Gaztedija"ko lehendakaria.


Lehen adiera, antonomasiazkoa; bigarrena, zabalagoa.

Berdin antzera definitzen du zer den presidente:


presidente 1 iz. Lehendakaria, gobernuburua; Errepublika bateko estatuburua. Frantses presidentearen hiltzea. Gure errepublikako presidente ohia.

2 iz. Erakunde, biltzar edo elkarte baten burua. Ferry, senatarien presidente berria. Kontseiluaren presidente edo buruzagiak.

 

2/ Euskaltzaindia erakunde bat da, eta haren buruari, beraz, presidente zein lehendakari esan dakioke. Kontua da kasu horretarako beste termino bat nagusitu dela: euskaltzainburu. Norbaitek galdetuko baligu zer den euskaltzainburu,  Euskaltzaindiko lehendakaria/presidentea esanda azalduko genuke.

Athletic-en kasuan, ohituraz, presidenteak dira erakundearen buruak eta halaxe daude zerrendatuta adibidez klubaren web-orrian.

 

3/ Kontuz ibili Euskaltzaindia hitzarekin. Amaierako ‘-a’ artikulua da, eta, beraz, desagertu egiten da deklinabide kasu batzuetan:

·         Euskaltzaindiari, Euskaltzaindiaren, Euskaltzandian, baina

·         Euskaltzaindiko, Euskaltzaindira, Euskaltzainditik