Galdera

 

Antes de comer me pongo la bata” (ikasleen betebeharra): nola formulatu euskaraz?


Data: 2018/01/23



Erantzuna

 

Aukera bat baino gehiago dago. Adibidez:

·         “Bazkaldu baino lehen mantala jarriko dut”

·         “Bazkaldu baino lehen mantala jartzen dut”

·         “Bazkaldu baino lehen mantala jantzi behar dut”

 

1/ Kontsultan diozu ikasleen betebeharrei buruzko idazki batean idazteko dela instrukzio hori, eta formulatzeko bide egokiaren bila ari zaretela: “Bazkaldu baino lehen mantala jarriko dut” edo “Bazkaldu baino lehen mantala jartzen dut”?

Guk geuk biak onartuko genituzke, eta beste hau ere bai: “Bazkaldu baino lehen mantala jantzi behar dut”.

Zein da gakoa? Hiru aukera horietan gradazio edo mailaketa moduko bat dago formulatzeko orduan: behar duen esaldiak agindu itxura handiagoa hartzen du beste biek baino; eta geroaldian dagoenak orainaldian dagoenak baino handiagoa. Zeuek erabaki behar duzue zenbat baselina erabili instrukzio horiek ematerako orduan.

Hiru horietako edozein aukeratuta, garrantzitsuena da ikasleak jabetzea zein den esaldi horien benetako funtzioa: instrukzioa ematearena.

Bidenabar esanda, agindua are modu gogorragoetan formulatu daiteke:

·         “Bazkaldu baino lehen, jantzi ezazu mantala” (agintera erabilita)

·         “Bazkaldu baino lehen mantala jantzi behar duzu” (behar erabilita, irakasleak berak dira ikasleei arauak markatzen dizkietenak)

·         “Bazkaldu baino lehen mantala jantziko duzu” (leunagoa, baina kasu honetan ere irakasleak berak dira ikasleei arauak markatzen dizkietenak); “Bazkaldu baino lehen mantala jantziko dut” idatzita, berriz, ikaslea da bere buruaren ardura hartzen duena.

 

2/ Euskaraz gertatzen den gauza bera gertatzen da gaztelaniaz ere. Gaztelaniaz ere aukeratu behar duzue formula bat. Erdarazko bertsiorako “Antes de comer me pongo la bata” onartzen baduzue, zergatik ez horren pareko zerbait euskaraz ere? Erdarazkoa irakurtzen duenak jakin behar du esaldi horren benetako funtzioa ez dela ekintza sorta baten deskribapena eskaintzea, baizik eta agindu moduko bat ematea.

Pentsatu ezazu zer gertatzen den norbaitek galdetzen digunean “¿Me puedes decir qué hora es?”. Mezua deskodetzean, badakigu galderaren benetako funtzioa ez dela gure ahalmenari buruz (poder aditzak dakarren esanahia) informazioa ateratzea; kontrara, ulertzen dugu hezibide onak bultzatuta-edo ez digutela zuzen-zuzenean formulatu nahi galdera: “¿Qué hora es?”.

 

3/ Oharrak

·         Konturatuko zizenez, (mantala) jantzi nahiago dugu jarri baino; baina ez genuke anatematizatuko zuen jarri hori, jakina.

·         Amantala idatzi diguzu kontsultan, baina, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, mantala behar du izan gaztelaniazko bataren adieran; amantala, izatekotan, “aurreko mantal”ari esateko forma da, bizkaieraz (gaztelaniaz, delantal).