Galdera

 

“Lo dagoen bitartean” ala “Lotan dagoen bitartean”?


Data: 2018/01/25



Erantzuna

 

Biak dira esanahi berekoak eta guztiz zuzenak.

 

1/ Jo dezagun Euskaltzaindiaren Hiztegira auzi hau argitzeko. Lo sarrera kontsultatuta, honako hau da noski lehenengo adiera:


lo 1 iz. Gorputzaren atsedenaldi natural eta aldizkakoa, kontzientziaren jarduera etetea eta amets egitea ezaugarri dituena.


Baina erreparatu bigarren adierari:


2 adb. Lotan. Ik. lo izan. Lo gelditu da. Itzuli zirenean, lo aurkitu zuten. Lo egon. Utz ditzagun ametsak lo gaudenerako. Erdi lo zegoela.


Eta lotan ere sarrera lexikal modura jasotzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak:


lotan adb. Lo dagoenaren egoeran. Lotan egon. Belarria beti zabalik dago, eta lotan gaudela ere, erne dagoela esan daiteke.

 

2/ Beraz, zenbait aditzekin batera doanean, adberbio balioa hartu dezake lo hitzak; gure kasuan, lo egon eta lotan egon guztiz parekoak dira, bai eta zuzenak ere, Euskaltzaindiaren bedeinkapena daukate-eta.

Bidenabar esanda, oso dotorea izango litzateke haur txikiekin zabiltzatenok –tarteka behinik behin– ume hizkera baliatzea: lo-lo egin, lo-lo egon, llo-llo egin, llo-llo egon … (“mau-mau dena, eta gero lo-lo joango zara”).

 

3/ Kontsultan galdetu diguzu ea nola idatzi behar den, baina berdin galdetu zenezakeen nola esan behar den.