Galdera

 

ZERTAZ/ZEREZ vs NON kasuak: Zuzenak dira “Lanera autobusez/autobusean etortzen naiz” eta “Bihar arratsaldean/arratsaldez elkartuko dira”


Data: 2018/01/26



Erantzuna

 

·         “Lanera autobusez etortzen naiz”: ZUZENA

·         “Lanera autobusean etortzen naiz”: ZUZENA

·         “Bihar arratsaldean elkartuko dira”: ZUZENA

·         “Bihar arratsaldez elkartuko dira”: Euskaltzaindiaren ustez, EZ da zuzena.

 

1/ Erantzuna prestatzeko, batez ere Euskaltzaindiaren “-z  instrumentalaren zenbait erabilera oker” artikulua hartu dugu oinarritzat. Euskara aldizkarian agertu zen, XXXIX (2. aldia) zenbakian (916.-919. or.).

 

2/ Artikuluan esaten denez, zuzen erabiliak dira “Lanera autobusez etortzen naiz” esaldian ageri den autobusez hori eta haren parekoak (mugagabean doaz, eta ez dute inolako zehaztasunik):


·         Trenez joan naiz Donostiara.

·         Itsasontziz egin genuen Palmako joan-etorria.

·         Euskaraz ari dira.

·         Arkatzez idatzi du gutuna.


Beste hauek, berriz, ez dira zuzenak:


·         20:00etako trenez joan naiz Donostiara.  20:00etako trenean joan naiz Donostiara. 

·         Zelesen itsasontzi(a)z egin genuen Palmako joan-etorria.Zelesen itsasontzian egin genuen Palmako joan-etorria.

·         Euskara batuaz ari dira. Euskara batuan ari dira.

·         Nik oparitutako arkatzaz/ez idatzi du gutuna. Nik oparitutako arkatzarekin idatzi du gutuna.

 

3/ Zenbait hizkeratan, instrumentala ia-ia ez da erabiltzen, eta erabilera zehaztugabean, modua adierazteko, NON kasua erabiltzen da:


·         Lanera autobusean etortzen naiz.        [Eta ez oinez, edo metroz (metroan), edo autoz (autoan)]


Kontua da autobus jakin batez ari bagara ere, berdin-berdin esaten dela hizkera horietan:


·         Lanera autobusean etortzen naiz.  [Solaskideentzat ezaguna den autobus batean; erdaraz, “en el autobús”]


Beraz, esaldia zuzena da gure ustez, baina bi adiera hartu ditzake; zehaztugabea eta zehaztua.

 

4/ Noiz adieran ere erabiltzen da maiz instrumental kasua, mugagabean, esanahi zehaztugabean:


·         Gauez egiten du lan hobekien. (= Gauetan egiten du lan hobekien.)

·         Arratsaldez* elkartzen da lagunekin. (= Arratsaldeetan elkartzen da lagunekin.)

·         Igandez* zinera joaten da. (= Igandeetan zinera joaten da.)

·         Igande goizez* zinera joaten da. (= Igande goizetan zinera joaten da.)


*Euskaltzaindiaren arabera, dena dela, arratsaldez, goizez, astelehenez, martxoz… sintagmek eta horrelakoek ez dute tradiziorik euskaran (bai, ostera, egunez, gauez, garaiz sintagmek eta horrelako beste bakan batzuek), eta plurala erabiltzea hobesten dute, beraz.


Baina, “20:00etako trenez joan naiz Donostiara”  eta “Euskara batuaz ari dira” esaldiekin gertatzen den bezala, adiera mugatuan ez dira erabiltzekoak instrumentalean doazen sintagma mugagabe horiek:


·         Bihar arratsaldez elkartuko dira. Bihar arratsaldean elkartuko dira.


Horra zure zalantzan ekarri diguzun adibidea. Beste adibide batzuekin:


·         Datorren igande arratsaldez zinera joango da. / Datorren igandeko arratsaldez zinera joango da. Datorren igandeko arratsaldean zinera joango da.

·         (Gaur) Goizez egon naiz gurasoekin. → (Gaur) Goizean egon naiz gurasoekin.


Horietan guztietan, NON kasua erabili behar da, singularrean.

 

5/ Azken oharra: Euskaltzaindiak tradizioan oinarritzen da arauak eta gomendioak emateko orduan. Jakina, arau-gomendiook aldatu egin daitezke denborarekin, erabilera nagusia erabat aldatzen bada. Hala, gaur egun oso ohikoak dira arratsaldez, goizez eta igandez, esaterako, batez ere adiera zehaztugabean (= arratsaldeetan/goizetan/igandeetan); horrek ekarri lezake Euskaltzaindiak horiek guztiak onartzea beste erremediorik ez izatea. Zailagoa izango da adiera mugatuan “bihar arratsaldez” eta haren parekoak onartzea, baina komunikabideetan eta administrazioan izugarri zabaltzen ari da.