Galdera

 

'Upelan' edo 'upelean'?

 

Data: 2018/01/29



Erantzuna


Upelean

 

 

1/ Deklinabide markak zein diren, hitzaren oinarrizko formak (kasu markarik gabeak) baldintzatzen du. Batzuetan, zalantzak izaten ditugu, hitzek hainbat eta hainbat forma hartzen baitituzte tokian tokiko hizkeretan. Esaterako, upel hitza Orotariko Euskal Hiztegian kontsultatuta, aldaera hauek guztiak daudela ikasi dugu:


upel (V-ger-m-gip, G; Lar, Añ (G), Hb ap. Lh, H (V, G)), upela (V-gip), kupel (G-to, AN-ulz, B; VocB), kupela (AN-mer; Lar DVC 196, Añ (AN)), kupla (Sal), gupel (L, BN-baig; SP, Urt I 549 (-ph-), H), kubel (H (L)). Ref.: Bon-Ond 163; A (upel, gupel, kupel, kupla); CEEN 1969, 227; Iz Ulz (kupéla), ArOñ (upela); Elexp Berg (kupel, upel).


Batzuek amaierako -a dute, beste asko kontsonante batekin hasten dira… Hori ikusita, bistan dago zein den Euskaltzaindiaren zeregin garrantzitsuenetako bat: euskara estandarreko formak zehaztea edo finkatzea. Horretarako, Euskaltzaindiaren Hiztegia dugu erreferentzia:


upel 1 iz. Zurezko xafla ganbilak uztaiez batuz eginiko ontzi handia, batez ere 1.000 litrotik gorakoa, bi buruak oholez estaliak dituena eta ardoa, sagardoa eta kidekoak gordetzeko edo garraiatzeko erabiltzen dena. Ik. upa; barrika; bukoi. Upel oholak. Amontillado upela. Upela baino lodiagoa. Sagardotegian, upelaren ondoan. Upelean irakiten duen ardo egin berriaren antzera.

2 iz. Petrolioarentzat erabiltzen den edukiera-neurria, 158,98 litroren baliokidea dena. Petrolio upelaren prezioa, dolarretan adierazita, bikoiztu egin zen 1978 eta 1985 artean.

 

 

2/ Jakina, kasu markarik gabeko forma kontsonantez amaitzen bada, -ean deklinabide atzizkia erantsi behar zaio NON kasuan, mugatu singularrean (zure adibidea erabili dugu, besteak beste):

 

 

Mugatu singularra

Mugatu plurala

Mugagabea

Zuhaitz

zuhaitzean

zuhaitzetan

zuhaitzetan

Upel

upelean

upeletan

upeletan

Flan

flanean

flanetan

flanetan