Galdera

 

Hotz bat daukat!”: onartuta dago euskara batuan?


Data: 2018/01/29



Erantzuna

 

Ez.

 

1/ Beste hainbat aukera dituzu; hauek, kasurako:


·         “Sekulako hotza daukat!”

·         “Hoztuta nago guztiz!”

·         “Hotz-hotzik nago!”

·         “A zer hotza daukadan!”

 

2/ Euskara baturako ezin dela onartu esateko, irizpide honetan oinarritu gara: erdaratiko kalko okerra da.

Hori zertan den ulertzeko, jo ezazu –guk egiten dugun moduan– EIMAren estilo liburura; zehatzago, Kalko okerrak liburukira: 26.-27. orrialdeetan dago azalpena.

Honela dio: «Determinanteen erabilera aski desberdina da hizkuntza batetik bestera, are enbor berekoak direnen artean ere. Euskara egituraz inguruko erdaretatik hain bereizia izanik, garbi dago ezingo direla halakoak automatikoki kalkatu batetik bestera.»

Eskaintzen dizkigun adibide hauek izango zaizkigu argigarriak:


 

• *Zu tonto bat zara → Zu tontoa / tonto hutsa zara

• *Lapur batzuk dira → Lapurrak dira, gero! / Lapur galantak dira

• *Beldur bat izan nuen! → Egundoko beldurra izan nuen

• *Zarata bat atera duzue! → A zer-nolako zarata atera duzuen!

• *Garai on bat da... → Garai ona da lanean hasteko


 

Izartxoak adierazten du kalko okerrak direla, euskara estandarrean saihestekoak.

 

 

3/ Edozein modutan, ekarri diguzun egitura bizi-bizirik dago zenbait herri hizkeratan, eta kategoriako hiztunek ere erabiltzen dute, adierazkortasuna bilatu nahian. Beraz, guk ez dugu inor anatematizatuko tabernan, lagun artean (egoera komunikatibo horretan ez baitago arau finkorik), honelako zerbait esango balu:

Hotz bat daukat (delahostiakoa)!