Galdera

 

“Se sintieron como si tuvieran alas”: nola eman euskaraz?


Data: 2018/02/01



Erantzuna

 

“Hegoak balituzte bezala sentitu ziren”

 

1/ Hainbat modutan eman dezakezu noski esaldi hori euskaraz. Erantzun laburrerako aukeratu duguna da, gure ustez, gaur egun euskara estandarreko prosan zabalduena:


·         “Hegoak BAlituzte BEZALA sentitu ziren”


Jakina, bezala hitza ez dago zenbait hizkeratan, eta modua adierazten duten beste menderagailuekin batera agertuko da baldintzazko egitura hori:


·         “Hegoak BAlituzte LEGEZ sentitu ziren”

·         “Hegoak BAlituzte MODUAN sentitu ziren”


Horietan guztietan, orainaldiko baldintza hipotetikoa erabiltzen da.

Zenbait hizkeratan, horiez gain, indikatibozko formak erabiltzen dira, baina baliteke bazterreko hizkerak izatea, eta prosa estandarrerako ez izatea oso egokiak:


·         “Hegoak dauzkateN MODUAN sentitu ziren”

 

2/ Horrelako konparazio perpausetan, azken urteotan, askotxo zabaldu dira bailitzan, bailuen eta antzeko esapideak. Bada, Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak EIMAren liburukian azaltzen denez:


«Forma arazotsutzat jotzen ditu Euskaltzaindiko Gramatika batzordeak bailitzen (bailitzan), bailiren (bailiran), bailuen eta kidekoak, eta tradizio urria dutela dio (EGLU-V, 371. orrialdea). Beraz, «balitz bezala» erakoak dira gomendatzekoak ikasliburuetarako. »

 

3/ Beraz, zure esaldietako bat (“hegoak izango lituzkete moduan”) ez da zuzena, baldintza izan behar baitu eta ez ondorioa.