Galdera

 

Liburu batean: “Ikus 3. irudia” ala “Ikusi 3. irudia


Data: 2018/02/02



Erantzuna

 

“Ikus 3. irudia”

 

1/ Zure liburu batean agintera erabiltzean aditzoina erabiltzen dutela diozu zure kontsultan, eta adibide gisa jarri “Ikus 3. irudia”. Eta galdetu diguzu ez ote den egokiagoa “Ikusi 3. irudia”.

Gure ustez, jarri diguzun adibideak ez dauka zerikusi handirik agindu moduko batekin. Esate baterako, ariketak formulatzean, oso ohikoa da agintera formak erabiltzea, eta, horretarako, ohikoa da partizipioa bera erabiltzea, edo aditza jokatzea:


·         Kalkulatu zenbatean saldu behar duen arkatz bakoitza.

·         Kalkula ezazu zenbatean saldu behar duen arkatz bakoitza.

·         Ikusi EITBren web orrian datozen orduetarako eguraldiaren igarpena, eta eraiki tenperaturen grafiko bat.

·         Ikus ezazu EITBren web orrian datozen orduetarako eguraldiaren igarpena, eta eraiki tenperaturen grafiko bat.


Jakina, ez dago inolako arazorik aditzoina erabiltzeko horrelakoetan ere:


·         Kalkula zenbatean saldu behar duen arkatz bakoitza.


Baina Hego Euskal Herriko euskaretan ohikoagoak dira aurreko bi baliabideak, eta bitxia egiten zaigu kalkula hori.

 

2/ Beste kontu bat da ohiko testu liburuetan (artikulu espezializatuetan, ikerketa txostenetan, saiakeretan…) nola ohartarazten zaion irakurleari datu gehiago edo erreferentzia bat behar izanez gero zein iruditan edo grafikotan edo ataletan aurkitu dezakeen. Horrelakoetan, argitaratzeari dagozkion arau txikiak edo kodeak daude nolabait finkatuta.


a/ Esate baterako, beste testu batera jotzeko (normalean), ‘cf.’ edo ‘cfr.’ laburdurak erabiltzen dira oharretan (latinezko confer –‘erkatu’, ‘konparatu’– agintera formatik datoz), bai eta –esanahiari hertsiki jarraituta– zuzenean beste elementuren batekin konparatzera gonbidatzeko ere:

 

·         […] Orain, berriz, jatorrian bi aditz ezberdin (nahiz eta formaz eta esanahiz hurbilekoak) izan zitezkeela deritzo (cfr. Lakarra, 2008a: 457-458, non taula berean biak ematen dituen).

 

·         Kultismo:

Goi-mailan bakarrik erabiltzen den hitza (geurtz “datorren urtea”) edo mailegua, hizkuntza batean sartzean aldaketa handirik nozitu ez duena: cfr. gaztelaniaz episcopal (obispo, aldiz, ez da kultismoa).

 

b/ Testu bereko erreferentziak egiteko (eta, zenbaitetan, beste testu batera jotzeko ere bai), berriz, ikus aditzoina erabiltzen da, edo latinezko vide:


·         Edonola ere, adierazpide alfanumerikoak erabiltzen direnean, edo letra larri eta xeheak batera, marratxoa erabiliko da beti siglaren eta deklinabide-atzizkiaren artean (ikus Informatikakoak, III. 4. atalean).

 

·         Proiektu honen helburu orokorra adierazle esanguratsu eta estrategiko multzo txiki bat definitzea izan da, EAEko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikan ezarritako helburu nagusiak zer mailatan lortu diren kalkulatu ahal izateko (vide 1. irudia).

 

Edo haien laburdurak:


ikus’ ik.

‘vide’ vid.

‘ikus, gainera’ → ik. g.


 

·         «[…] Horretaz gain, mezu argi bat bidaltzen du; hau da, eskubide guztiak garrantzi bera dutela adierazten du». (Ik. I. eranskina).

 

·         Ik. g. Orotariko Euskal Hiztegian (V. lib., 521. or.) borrokatu sarrera.