Galdera

 

Bisitatu aditza: zuzena da NOR-NORI-NORK saileko laguntzaileekin?


Data: 2018/02/05



Erantzuna

 

Ez.

 

1/ Horrelako zalantza bat duzun bakoitzean, Euskaltzaindiaren Hiztegira jo behar duzu.

Hona zer dioen bisitatu sarreran:


bisitatu, bisita/bisitatu, bisitatzen 1 du ad. Norbait ikustera joan eta berarekin halako denboran egon. Bihar bisitatuko zaitut. Eriak bisitatu.

2 du ad. Leku edo herri batera joan, hango egoera ezagutzeko edo hango ezaugarriak edo bitxikeriak ikusteko. Elizbarrutiko herri baztertuenak bisitatzen ari zela. Mila lagunek bisitatu dute museoa.

3 du ad. (Eliza edo kidekoetara) debozioz joan. Herriko eliza bisitatzera.


‘du’ etiketak adierazten du NOR-NORK sailekoa dela; NOR-NORI-NORK sailekoek, berriz, ‘dio’ etiketa dute.

 

Jakina, euskara estandarrerako erabileraz ari gara. Hainbat hizkeratan, NOR-NORK saileko laguntzaile asko galdu dira, eta erraza izango duzu Arrankudiagan –esaterako– bertako euskaran mintzatzen den norbaiti honelako zerbait entzutea: “Bijjer bisitaukotsut ≡ Bihar bisitatuko dizut”; baina horiek ez daukate lekurik noski euskara batuan.

 

2/ Bisitatu aditzaren sinonimoa da bisita egin aditz lokuzioa. Bada, bisita egin bada NOR-NORI-NORK sailekoa:


bisita egin Ik. bisitatu. Zuri bisita egitera etorriak. Berak egin zidan bisita, ez nintzaion ni agertu. Errenterian bizi naiz eta egin iezadazu bisita. Bisita egin genion eguna.

 

3/ Zure zalantzarekin zerikusia duen beste kontsulta baterako prestatu genuen erantzuna duzu esteka honetan.