Galdera

 

“Indabak BESTERIK ez dut/ditut jan”; “Indabak BAINO ez dut/ditut jan”; “Indabak BAIZIK ez dut/ditut jan”: zein dira zuzenak?


Data: 2018/02/06



Erantzuna

 

 

·         Indabak BESTERIK ez dut jan.

·         Indabak BAINO ez ditut jan.

·         Indabak BAIZIK ez ditut jan.

 

 

1/ Uste dugu Euskaltzaindiak ez duela arau argirik eman kontu honen gainean (nola egin komunztadura besterikekin), baina 1998an arau-proposamen bat plazaratu zuen: “Izen-sintagma + besterik eta aditz komunztadura” izeneko txostenean.

 

Hona ekarriko dizugun informazioa Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak EIMAren liburuan duzu (97.-98. or.).

 

 

2/ Honela dio EIMAk “Besterik nola komunztatu” atalean:


«Besterik erabiltzean, aditzak singularrean behar du:

·         Eskolako liburuak besterik ez ditut ekarri.

·         Eskolako liburuak besterik ez dut ekarri.


Izan ere, aditzak besterikekin egiten du komunztadura, eta ez haren ezkerreko sintagmarekin. Are nabarmenago ageri da hori pertsona-izenordainekin, lehenbiziko nahiz bigarren pertsonakoak sarturik ere aditza hirugarren pertsonan jokatzen baita:


·         Zu besterik ez zaitut maite.

·         Zu besterik ez dut maite.»


Eta beherago:


«Baino eta baizik ez dira besterik bezala jokatzen, numeroari dagokionez: haien aurreko elementuarekin egiten du numero-komunztadura aditzak:

·         Boterearen ikurrak baizik/baino ez dituzte errausten.»

 

3/ Zergatik jokaera desberdin horiek?


Oso bestelakoak dira besterik alde batetik eta baino eta baizik (eta baizen) beste aldetik:

·         Besterik izen-sintagma da, beste ezer delakoaren parekoa; mugagabea denez (NOR kasuaren aldaera den partitiboan-edo doanez) eta erreferente plural argirik ez duenez, komunztadura singularrean egin behar da.

·         Baino eta baizik (eta baizen), berriz, juntagailuak dira; beraz, nolabait gardenak komunztadura egitean: esaldian izen-sintagma bat baino ez dago, eta harekin egin behar da komunztadura.

 

4/ Beste alde batetik, aurreko puntuan esan bezala, besterik NOR saileko sintagma da. Beraz, aurreko elementuak ere derrigor izan behar du NOR saileko sintagma:


·         Zuk besterik ez dit ekarri zoriona.

·         Zuk besterik ez didazu ekarri zoriona.

·         Zuk beste inork ez dit ekarri zoriona.

·         Zuk bestek ez dit ekarri zoriona.

·         Zuk baino/baizik ez didazu ekarri zoriona.

 

·         Nirekin besterik ez zara fidatzen?

·         Nirekin beste inorekin ez zara fidatzen?

·         Nirekin besterekin ez zara fidatzen?

·         Nirekin baino/baizik ez zara fidatzen?

 

5/ Jakina, hainbat hizkeratan ez dira betetzen aurreko puntuetan plazaratutako arau moduko horiek. Euskaltzaindiaren proposamena euskara estandarra eraikitzekoa da, denok berdin jokatze aldera.