Galdera

 

'Lurrera bota da' edo 'bere burua bota du'? Bota aditza 'nor-nork' da beti?

 

Data: 2018/03/09



Erantzuna

 

Lurrera bota du bere burua.

 

1/ Horrelako zalantza bat duzun bakoitzean, Euskaltzaindiaren Hiztegira jo behar duzu. Hona zer dioen bota sarreran:


bota, bota, botatzen 1 du ad. Jaurti. Zuen artean bekaturik ez duenak bota diezaiola lehenengo harria. Ateratzen dute sutegitik agoa, ez izerdi tanta eta bero asko bota gabe. Malkoak bota. Ke asko boteaz. Hori dirua botatzea da. Ostikada bota zion astoak. Bere burua leihotik bota eta hil zen. Uretara, surtara, errekara bota. Leihotik behera bota. Betiko su eta garren artera bota zituen Luzifer eta haren jarraitzaileak.

 

Ikusten duzunez, ‘du’ etiketa dauka; beraz, NOR-NORK sailekoa da.

 

2/ Bestetik, EIMAren estilo-liburua ere kontsultatu dezakezu; kasu honetan, Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak liburukia. Aditzen erregimenaren ingurukoak atalean (197. or.), honela dio:

 

Ez da zuzena du aditzak da aditz gisa jokatzea: «bota naiz», «ikusi naiz»… Izenorde bihurkaria edo elkarkaria erabiltzea dagokio halakoetan (bere burua, elkar), eta aditza nor-nork moduan jokatzea.

a. *Ibaira bota da.

b. Ibaira bota du bere burua

 

3/ Azkenik, Euskaltzaindiaren Jagonet galde erantzunak datu-basean begiratzen baduzu, hau aurkituko duzu:

bota, uretara bota


Galdera


Onargarria al da "mutikoa uretara bota zen" esaldia? Izan ere, Labayru Hiztegiak dioenez, "bota, da, dau: echar(se), tirar(se), arrojar(se), lanzar(se)" erabil daiteke.

 

Erantzuna


Ez, "uretara bota zen" ez da zuzena: "uretara bota zuen bere burua" erabili behar da.

 

Data: 2002/07/03

Erantzulea: Gramatika batzordea