Galdera

 

'Eguerdi on': zuzena da?

 

Data: 2018/03/09



Erantzuna

 

Ez dauka tradizio handirik, baina guk ez genuke gaitzetsiko, ikusirik nola zabaltzen ari den.

 

1/ Kontsultan diozu aurkitu duzula Elhuyar hiztegian, baina Euskaltzaindiaren Hiztegiak ez duela jasotzen.

 

Eta oso esanguratsua da Euskaltzaindiaren Hiztegiak ez jasotzea; izan ere, jasotzen ditu egun on, arratsalde on, arrasti on eta gau on (eta gabon).

 

Badakigu eguerdi on sartu edo ez sartu eztabaidatzen ibili zirela euskaltzainak, eta azkenean erabaki zutela oraindik behinik behin ez sartzea. Hona hemen haien argudio batzuk:


• «Ezin esan daiteke okerra denik, baina berria da, dirudienez, eta testuetako bermerik gabea.»

• «Nik ere berriegia dela uste dut. Gaitzetsi gabe ere, ez nuke sartuko.»

• «Ez dirudi besteen [egun on, gau on…] parekoa denik [eguerdi on delakoaz ari da], ez behintzat erabileraren aldetik, eta testuetan hobeki errotu arte itxaron dezakegula uste dut […]. Uste dut gauza berria dela hau.»

 

Iritzi horiek plazaratuta, lexikoaz arduratzen den batzordeak erabaki zuen ez aipatzea Hiztegian.

 

2/ Beraz, oraintsu arte, euskaldun gehienok egun on eta arratsalde on (arrasti on) baino ez dugu esaten, auskalo nola erabakita noiz amaitzen den goiza eta noiz hasi arratsaldea. Gure ustez, bazkalordua da gehienon erreferentzia: bazkalordura bitartean, egun on; ondoren, arratsalde on.

 

3/ Hori guztia esanda, uste dugu eguerdi on Hiztegian ere onartzea beste erremediorik ez duela izango Euskaltzaindiak. Gero eta hiztun gehiagok erabiltzen dute, eta haietako batzuk kalitate handiko hiztunak edo testugileak dira, komunikabideetan, bestelako foro publikoetan eta jendaurrean aritzen direnak. Gure ikasketari diren irakasle askok eta askok ere erabiltzen dute, eta hala transmititzen beren ikasleei. Euskaltzaindiaren egitekoa da erabakitzea zein berba eta forma onartu euskara baturako, eta berez egokitzen zaie euskaltzainei kontserbadore jokatzea, baina gero eta argiago daukate euskaltzainek hizkuntza erabilera errotuak onestea izan behar dela beren jokabidea.