Galdera

 

'Ez dago zergatik' ('Eskerrik asko' esapidearen erantzuna): horrela erantzun da 'beti'?

 

Data: 2018/03/09



Erantzuna

 

Formula bat baino gehiago dago, hizkuntza gehienetan bezala.

 

1/ Formula batez ari zara kontsultan, eta argi izan behar duzu formulok aldatu egin daitezkeela hizkera batetik bestera, euskaraz gertatzen den bezala. Tokian tokiko formulak egon dira euskaraz, eta gero, komunikabideen eraginez (prentsa, liburuak, irratia, telebista…), hiztunek bere egiten dituzte beste hizkera batzuetako formulak.

 

Zure kontsultarekin zerikusia duen adibide bat ekarriko dizugu horren frogagarri. Transmisio naturalaren bidez “Eskerrik asko” baino jaso ez dugun hiztun alfabetatuok badakigu beste esapide hauek ere eskura ditugula, eta inoiz edo behin erabili ere egiten ditugu: “Eskerrak”, “Esker mila” eta “Mila esker”, “Eskerrik anitz”, “Milesker”…

 

2/ Bada, berdin-berdin gertatu da horren erantzunarekin. Formula hauek erabiltzen dira han-hemenka, eta haietako edozein erabili dezakezu euskara batuan:

 

EZ HORREGATIK (bizkaieraz, gipuzkeraz…)

EZ DA ZERGATIK (nafarreraz)

EZ DA EZERGATIK (bizkaieraz)

EZ DA ZEREN / EZ DU ZEREN / EZ DUZU ZEREN (Iparraldeko hizkeretan. Oharra: zeren = zergatik)

EZ DA ZERI / EZ DAGO ZERI (bizkaieraz)

EZ DA ZERIK (nafarreraz)

EZ DAGO ESKERRIK / EZ DA ESKERRIK

EZ DA EZER ERE

EZ DA GAUZA ASKO

 

3/ Hona inguruko erdaretako aukera batzuk:

 

Gaztelaniaz


De nada / Por nada / No hay de qué / …

 

Frantsesez


De rien / Je vous (t´) en prie / Il n'y a pas de quoi / C'est moi / Non, c'est moi  / À votre service  / C'est avec plaisir / Merci à vous / Pas de problème / …

 

Ingelesez


You’re welcome / Don’t mention it / Not at all / Don't worry about it / My pleasure / That's ok / Sure / …