Galdera

 

“Eskerrik asko” esapidearen ordez, zuzenak dira “eskerrik” eta “eskerrak”? 

 

Data: 2018/02/26


   Erantzuna


“Eskerrak” guztiz zuzena da. “Eskerrik” ez da zuzena testuinguru formaletan.

 

1/ Zuzena da “Eskerrak” eskertzeko formula modura?

 

Bai. Kontsultatu ezazu esker sarrera lexikala Euskaltzaindiaren Hiztegian, eta ikusiko duzu lexietako bat dela eskerrak:

 

eskerrak 1 Eskerrak emateko erabiltzen den esapidea. Ik. eskerrik asko. Eskerrak zure laguntzari! Eskerrak zuri, nire Jesus maitagarria. Eskerrak borondate eder horregatik. Beraz, sinonimotzat jo ditzakegu eskerrak eta eskerrik asko esapideak.

 

2/ Oso bestelako kontua da eskerrik horrena.

 

Gure ustez, zuzena da gero perpaus konpletiboa duenean:

 

Eskerrik garaiz etorri zarela = Eskerrak garaiz etorri zarela

 

Baina zu eskerrak emateko formulaz ari zara. Eta ez dago horrelakorik euskara estandarrean.

 

Baina whatsappa aipatu duzu kontsultan, eta horrek ez dauka zerikusi handirik euskara estandarrarekin, eta beraz zuzentasun kontzeptuarekin. Lagunarteko hizkeran, lagunek berek erabaki behar dute zein diren haien arteko arauak, eta ez hizkuntzaren intelligentsia batek. Beraz, modan jarri bada gazteek beren artean “Eskerrik” formula erabiltzea, guk ezer gutxi daukagu hor esateko.

 

Egia da arriskutsua izan daitekeela, eta funtsik gabeko sintagma bat izurrite modura zabaltzea baita euskara jasoa erabili behar den testuinguruetara ere. Baina, aldi berean, oso arriskutsua izan liteke gazteei kargu hartzea –euskaraz dabiltzanean– forma ez-zuzen bat erabiltzen dutelako; berentzat, egokia da. Kitto. Eta sakratua da haientzat egokitasuna; zuzentasuna, berriz, bigarren mailako kontzeptu bat. Euskaraz egiteko prest daudela kargu hartuta, euskaraz hitz egitetik desertatu ere egin dezakete, eta hori bai izango litzatekeela larria!

 

3/ Badago beste hizkuntza batzuetan horrelakorik?

 

Bai, jakina. Espero dezagun “eskerrik” moduko esapideak gaitzesten dituen euskal hiztunak ez esatea honelako zerbait erdaraz ari denean:

 

Porfa, hijito, haz el dibu que te ha mandado el profe, y te llevo al cine este finde”.