Galdera

 

“J.M. Lopez Aio (Toribio Etxebarria LHII-ko zuzendaria)” ala “J.M. Lopez Aio (Toribio Etxebarria LHII-ko Zuzendaria)”? Kargua, letra xehez ala larriz? 

 

Data: 2018/03/21  



Erantzuna

 

EIMAren gomendioen arabera, “J.M. Lopez Aio (Toribio Etxebarria LHIIko zuzendaria)”

 

1/ Karguak aipatzean letra xehez edo larriz nola hasi, EIMAren Letra larriak liburukian duzu azalduta, 32.-29. orrialdeetan.

 

Zure zalantzari dagokionez, honela dio:

 

«Horiek horrela, hona hemen irizpidea testu arruntetarako eta eskola-materialetarako:

 

a. Izendapenak pertsonaren izen berezia ordezkatzen duenean, erreferentziakidetzat hartzekoa da; ez da, beraz, letra larririk erabili behar [Kasu honetaz ari gara]. Adibideak:

 

• Gaur bilduko dira Euskaltzaindiko idazkaria eta EHUko errektorea.

• Irratian entzun dugu Eusko Jaurlaritzako Justiziako sailburua eta Espainiako Justiziako ministroa atzo bildu zirela.

Gure eskolako zuzendariak onartu egingo du irakasleen proposamena. • Iaz, euskaltzainburua Ameriketan izan zen.

• Gaur argitaratu da prentsan alkatearen dekretua.

• Lan-erreformari laster ekingo diotela adierazi du ministroak.

• EAEko lehendakaria Txilen eta Argentinan izan da duela gutxi.

• Atzo, Frantziako presidentea Erresuma Batuko lehen ministroarekin bildu zen.

• Bihar, Leioako campusean, errektorearekin batera, Bizkaiko ahaldun nagusia eta lehendakaria [EAEko lehendakaria adierazteko] ere izango dira ekitaldian.

• Europako Parlamentuko idazkari nagusiak irakurri du adierazpena.

• Horretarako, administrazio-zuzendariaren sinadura behar da.

• Irango atzerri-ministroa Bruselan da gaur.

• Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak prentsaurrekoa eman du gaur.

 

b. Irizpide orokor horretatik kanpo, letra larriz hasita idatz daitezke, baina ez da nahitaezkoa, izendapen hauek: aita santua, dalai lama, errege-erreginak (eta kidekoak: enperadoreak) eta estatuetako presidenteak edota estatuburuak. Adibideak:

 

• Joan den astean, aita santuak bidaia luzea egin zuen. / Joan den astean, Aita Santuak bidaia luzea egin zuen.

• Aspalditik bizi da erregina (= Ingalaterrako erregina = Elisabet II.a erregina) Buckingham Palacen. / Aspalditik bizi da Erregina (= Ingalaterrako erregina = Elisabet II.a erregina) Buckingham Palacen.

• Udan Mallorcan bizi ohi da erregea (= Espainiako erregea = Joan Karlos erregea), eta neguan Madrilen. / Udan Mallorcan bizi ohi da Erregea (= Espainiako erregea = Joan Karlos erregea), eta neguan Madrilen.

• Potalan dago dalai lamaren jauregia. / Potalan dago Dalai Lamaren jauregia.»

 

Eta gu guztiz konforme gaude gomendio horrekin. Iruditzen zaigu demokratikoagoa ere badela horrelako jokaera. (Bidenabar esanda, Kontsulta Zerbitzura heltzen zaizkigun idazki ugaritan letra larria erabiltzeko joera nabari daiteke).

 

2/ Konturatuko zinenez, siglaren ondoko marratxoa kendu dizugu. EIMAk bere Ortotipografia liburukian (33.-35. or.) dioenez,

 

«Sigla eta deklinabide-atzizkia marratxorik gabe batzen dira, salbu eta siglaren azken letra berberaz hasten denean atzizkia ere:

• UEUn, hizlarietako batzuk ETBko kazetariak dira; beste batzuk, berriz, EHUtik joandako irakasleak.

• BBK-k adierazi du AEK-ko ikasleek gogotik eskertu dutela BBKren diru-laguntza.»

 

Beraz, ‘LHIIko’ da idazkera zuzena, marratxorik gabe.