Galdera

 

“Herriko poeta” ala “herriaren poeta”? (Jendearen poeta adierazteko) 

 

Data: 2018/03/22  



Erantzuna

 

Herriaren poeta

 

1/ Oso zaila izaten da gehienetan azaltzea noiz erantsi behar zaion izenari ‘-ko’ eta noiz ‘-ren’ atzizkiak edo deklinabide markak. Horren frogagarri, hainbatetan heldu zaizkigun horren gaineko zalantzak:

 

'-ko' ala '-ren'? Adibide bat

'-ko'/'-ren' atzizkiak: 'Bilboko auzoa' ala 'Bilboren auzoa'?

'-ko'/'-ren' atzizkiak: 'Doctor Deseoko gitarrista' ala 'Doctor Deseoren gitarrista'?

'-ko'/'-ren' atzizkiak: 'Telefonoko datuak' ala 'Telefonoaren datuak'?

 

2/ Zure kasuan, berriz, argi dago esanahia aldatu egiten dela zein atzizki eransten dugun: kontzeptu desberdinak dira “herriaren poeta” eta “herriko poeta”:

 

a. Herriaren poeta: Lagunartean eta lurralde jakin batean bizi diren eta elkarrekin hainbat ohitura eta erakunde dituzten pertsonen (askotan, goi mailakoa ez den multzokoak) izenean idatzi/idazten duen poeta, edo pertsona horiek berena balitz bezala hartzen duten poeta.

 

Adibidez:


 

[Gerard] Reve definitzeko [Herbehereetako idazlea], haren jaioterrian, herriaren idazlea izengoitia erabiltzen da. Arestik idatzi zuen bezala, «herriaren ahotik (edo sentimendutik) harturikoa hari itzuli» zion, eta horri zor zaio, nagusiki, horrela ezaugarritzea. (Berria, 2011/04/03)

 

Iaz, Miquel Marti i Pol galdu zuen Kataluniak; herriaren poeta zen, baina Kataluniako aurreko gobernua beretua zuen... (Berria, 2004/09/10)

 

Miguel Hernández (Orihuela, Espainia, 1910eko urriaren 30a - Alacanteko kartzela, Espainia, 1942ko martxoaren 28a) gaztelaniazko olerkaria izan zen, herriaren poeta eta 'poeta artzaina' deiturez ezaguna. (Wikipedia)

 

b. Herriko poeta: Gure herrian jaio edo bizi den poeta.

 

Adibidez:

Joxan Artze joan zaigu, gure herriko poeta, artista eta pentsalari handienetariko bat joan zaigu. Pena, euskal kulturatik, hein handi batean bederen, behar besteko aitorrik jaso ez izana, ez orain artean, ez eta hil berritan dugun honetan ere. [Usurbilen idatzia]

 

Jose Maria lparragirre (1820-1881), herriko poeta eta musikari ezaguna presente dago Urretxun, haren jaiotetxea, mausoleoa edo plaza bisita baitaitezke.

 

Gazteentzako olerki lehiaketa bat antolatu dugu Arrigorriagan, bai eta ‘Roberto Albandoz’ izena jarri ere, herriko poetarik garrantzitsuenaren omenez.

 

3/ Antzeko beste adibide batzuk:

 

• Elizaren isiltasuna: Eliza erakundea isilik dago (esaterako, sarraski baten aurrean).

• Elizako isiltasuna: Eliza eraikinean dagoen isiltasuna.

 

• Herriko plaza: Herrian dagoen plaza

• Herriaren plaza: Herriarena den plaza (Piazza del Popolo, People’s square, la Place du Peuple, Platz des Volkes, ¿¿¿¿…)

 

Oharra: Atzera egiterik ez badago ere, zalantzazkoak dira sozialisten egoitzaren eta ezker abertzalekoen tabernaren izenak: Herriko Etxea (→ Herriaren etxea) eta Herriko Taberna (→ Herriaren Taberna).