Galdera

 

Okela nola gorde behar da: 'hotzean' ala 'hotzetan'?  

 

Data: 2018/03/15  



Erantzuna

 

Hotzean

 

1/ Gaztelaniazko ‘en frío’ delakoa adierazteko, euskaraz 'hotzean' esaten da (edo 'hotzeko', izenlaguna denean).

 

Hala, adibide batzuk emango dizkizugu:

 

• Elur-fabrika zegoen, eta biltegi bat zuten han haragia hotzean gordetzeko. Harategi berrian hozkailua jarri zuten, geroago izozkailua. (ahotsak.com)

Laminación en frío = ‘hotzean ijeztea’ edo ‘hotzeko ijezketa’ (Euskalterm)

Estampación en frío = ‘hotzean estanpatzea’ edo ‘hotzeko estanpaketa’ (Euskalterm)

• Olioa hotzean erauzten zaio olibari (Itzul posta-zerrenda)

• Ihintzaren fenomenoa gertatzen denean, kondentsazio hori hotzean gertatuz gero, ur-lurrina bertan izozten da. (Naturaren mintzoa, Pello Zabala)

• Ohiko lanean ziharduen, baserriz baserri tanke erraldoietan hotzean lagatzen ziren behi zein ardi esneak hurrupa metalikoan kargatzen. (100 basque, Itxaro Borda)

• Iraungo badu, ilunean eta hotzean beharko; argizaria hilotza bezain zurrunik geratuko da (Argizariaren egunak, Anjel Lertxundi)

 

2/ Noiz erabiltzen da mugagabea? Labur esanda, kasu hauetan:

 

Ze, zer, zein eta zenbat galdetzaileekin

• Zenbatzaileekin, zehaztuekin (hiru, zortzi) zein zehaztugabeekin (asko, gutxi, zenbait, makina bat…)

• Konparazioetan (adina, bezainbat, beste… partikulekin)

• Kasu instrumentaleko zenbait esapidetan: buruz, oinez

• Zenbait aditzen predikatuetan: bihurtu, aukeratu, izendatu

 

Horiez gain, zenbait izenen leku kasuetan (NON, NORA, NONDIK…). Baliteke pentsatu izana zure adibidea kasu honetan txertatzea, baina, guk dakigula, euskaldun guziok mugatuan erabiltzen dugu hotz izena:

 

• Banku batean eserita zegoen, hanka txikiak tolesturik, hotzetik babesteko.

• Azkenengo tragoak hustu eta gauaren hotzera irten ziren.

• Horrela, gero irteten haizenean, berriz jantzi eta ez duk sentituko berotik hotzera pasatzen haizela.

 

Baina:

 

• Lainotan zegoen herria.

• Horra hor mendiak ilargitan.

• Sutan jarri zen.

• Oihuka ari zen neskatxa, eskuak odoletan.

• ...