Galdera

 

“Joan egin dela esan dizut”: nola eman hikako moldean? 

 

Data: 2018/03/29  



Erantzuna

 

Batuan, “Joan egin dela esan diat” edo “Joan egin dela esan dinat”.

 

1/ Euskaltzaindiak bere 14. arauan [“Adizki alokutiboak (Hikako moldea)”] ezarri zuen zein diren hikako moldeko adizki alokutiboak.

 

Hortxe aurkituko dituzu 'diat' eta 'dinat' formak.

 

2/ Beste kontu bat da norekin eta noiz erabili hitanoa, eta zer testuinguru morfosintaktikok baldintzatzen duten haren erabilera. Horretaz, guk dakigula, ez du ezer kategorikorik erabaki Euskaltzaindiak.

 

Edozein modutan, joera nagusia da hikako moldeari dagozkion adizki alokutiboak adierazpen perpaus nagusietan erabiltzea, eta ez galderetan edo harridurazko perpausetan (uste dugu, baina, arin-arin aldatzen ari dela kontu hau), ez eta –batez ere– mendeko perpausetan ere: horrexegatik ez dugu aldatu “joan egin dela”.

 

Hona adibide batzuk:

 

• Hau guztia pasatzen denean [menpeko perpausa], konturatuko gaituk/gaitun [perpaus nagusia] ez garela [menpeko perpausa] izan horren bizkorrak.

• Ondo pasatu behar diagu/dinagu [perpaus nagusia] aste hau, ez baitzaigu [menpeko perpausa] komeni gehiago estresatzea.

 

Jakina, hikako moldea erabili behar da baita menpeko perpausetan ere bigarren pertsona singularrekoa tartean denean (adizki horiek ez dira alokutiboak).


• Bihar etorriko bahintz [menpeko perpausa, baina HI-ri dagokio adizkia], esango geniake/geninake [perpaus nagusia] zer lan egin behar ditugun [menpeko perpausa].