Galdera

 

“Katua soinulari, sagua dantzari”: zer esan nahi du? 

 

Data: 2018/03/29  



Erantzuna

 

1/ Gotzon Garateren Atsotitzak liburuan aurkitu dugu zure kontsultako esaera:

 

8385: Katua sonülari, sagüa dantzari [Gatüa].

 

Baina, zoritxarrez, ez du jasotzen baliokiderik ez gaztelaniaz, ez ingelesez, eta ez latinez ere, eta, beraz, bide horretatik ez dugu esanahiari dagokion inolako erreferentziarik aurkitu.

 

2/ Ikusirik (Bizkaiko) Txorierriko Aikor aldizkarian aipatu zuela Juan Luis Goikoetxea euskaltzain urgazleak, kontsulta zuzenean egin, eta berak erantzundakoa ekarriko dizugu hona:

 

Dirudienez, frantsesez badago “quand le chat n'est pas là, les souris dansent” esaera, eta Junes Casenave-Harigile idazle eta apaiz zuberotarrak egokitu zuen euskararako (eta gero Gotzon Garatek bere bilduman jaso), ederto baten egokitua. Beraz, ez da ahoz ezaguna, ez bizkaieraz, ez gipuzkeraz, ezta zubereraz ere.

 

Eta honako hau esan nahi du: «Katua ez dagoelarik hor, sagua dantzari dabilela, aske nahi duena egiteko».