Galdera

 

“Esa es la persona con la que fuiste”: nola eman euskaraz? 

 

Data: 2018/03/29  



Erantzuna

 

(Pertsona) horrekin/horrexekin/horrekintxe joan zinen.

 

1/ Gaztelaniaz eta inguruko erdaretan, arazoak egoten dira batzuetan galdegaia markatzeko:

 

Te fuiste con esa persona” diogunean, indarra jartzen dugu “con esa persona” sintagman; bestela, ez dugu argi erakusten horixe dela esaldiaren galdegaia (aditzaren ondoan ematen da gaztelaniaz). Hizketan, gehienetan, ez dago aparteko arazorik solaskideari ulertarazteko zer esan nahi dugun, baina batzuetan ez da horren argi geratzen mezua. Are zailagoa da kontua idazten dugunean, idatzian ez dago-eta intonazioa aldatzerik edo horren moduko bestelako baliabiderik.

 

Beraz, gaztelaniaz eta inguruko erdaretan itzulinguru bat garatu da galdegaia markatzeko: erlatibozko perpausen bidez ematea:

 

• Ella fue quien me dijo que habías tenido un accidente.

• C'est elle qui m'a dit que tu avais un accident.

• She was the one who told me you had an accident.


• A ella es a quien le dije que había copiado en el examen.

• Ella es la persona con la que me fui de compras.

• Con ella es con quien me fui de compras.

• Ella es la amiga por la que aprendí a tocar el piano.

• Por ella es por quien aprendí a tocar el piano.

 

2/ Euskara idatzian, berriz, aditzaren aurrean ematea proposatzen dugu ohiko prosan, halaxe jokatzen baitugu testugile gehien-gehienok. Eta aditzaren aurreko posizioa askoz ere markatuagoa da; beraz, ez dago zertan ibilirik euskaraz horrelako itzulinguruak egiten:

 

• Ella es la persona con la que me fui de compras. / Con ella es con quien me fui de compras.

Berarekin joan nintzen erosketak egiten.


• Ella es la amiga por la que aprendí a tocar el piano. / Por ella es por quien aprendí a tocar el piano.

Beragatik ikasi nuen pianoa jotzen.

 

3/ Arazo bakarra gertatu liteke “esatezko” aditzekin:

 

• Ella fue quien me dijo que habías tenido un accidente.

• Berak esan zidan istripua izan zenuela.

 

Kasu horretan, kontuan harturik esatezko aditzekin aditzaren ondoan eman ohi dugula perpaus osagarria, ez da argi geratzen (idatzian, ahozkoan intonazioa eta indarra baliatzen baititugu) zein den galdegaia; izan ere, gehienok interpretatuko genuke “istripua izan zenuela” dela.

Zer egin kasu horretan? Auskalo!

Aukera bat:


• Istripua izan zenuela, berak esan zidan.


Beste bat izan liteke salbuespena egitea eta erdarazko egitura kalkatzea (guk geuk ez dugu gaitzetsiko, baina…):


• Bera izan zen istripua izan zenuela esan zidana.


NOR, NORI eta NORK kasuetako erlatibozkoekin egin daiteke hori.

 

4/ Zure adibidean ez dago esatezko aditzik, eta beraz ez dago arazorik: aditzaren aurrean jarri galdegaia:

 

• (Pertsona) horrekin joan zinen.

 

Eta galdegai izaera nabarmentzeko, ‘-xe’ partikula erabili dezakezu:

 

(Pertsona) horrexekin joan zinen.

(Pertsona) horrekintxe joan zinen.

 

Biak daude onartuta, Euskaltzaindiaren Euskal gramatika laburra: Perpaus bakuna liburuak "Erakusle indartuak" atalean (84. or.) dioskunez.

 

5/ Beste adibide bat:“En este cerro es donde escondí el tesoro”

 

• Muino honetan ezkutatu nuen altxorra.

• Muino honexetan ezkutatu nuen altxorra.

• Muino honetantxe ezkutatu nuen altxorra.