Galdera

 

'Orduro'/'astebururo': zuzenak dira? 

 

Data: 2018/03/26  



Erantzuna

 

'Orduero' zuzena da; 'asteburuero' ez du onartu oraindik Euskaltzaindiak bere hiztegian, baina onartze prozesuan dago; beraz, erabili ezazu beldur gabe.

 

1/ Errepikatzen diren kontuak adierazteko, -ro, -ero eta -oro atzizkiak erabiltzen dira euskaraz. Euskaltzaindiak ez du erabaki zein atzizki erabili kasu bakoitzean, baina Euskaltzaindiaren Hiztegiak jasotzen ditu hainbat forma:

 

• segundoero

• minutuero

• orduero

• goizero / arratsaldero / iluntzero / gauero

• egunero

• astelehenero / asteartero / asteazkenero / ostegunero / ostiralero / larunbatero / igandero

• astero

• hamabostero

• hilero / hilabetero

• neguero / udaberriro / udaro / udazkenero

• urtero

• jaiero

• aldiro

• une oro

 

2/ Behin hala, Euskaltzaindiaren Jagonet kontsulta zerbitzuan galdetu zuten ea zuzenak diren ordu erdiro eta ordu laurdenero. Hona erantzunaren zati bat (2012/11/19koa):

 

«Horiez gain, arautu bidean dago asteburuero ere; baina ordu(-)erdiero eta ordu(-)laurdenero oraindik ez (nahiz eta 110. arauan ordulaurdenero agertu adibide batean).»

 

3/ Bestalde, Euskaltzaindiak arau bat argitaratu zuen “Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunetan mugatu singularra noiz erabil daitekeen” izenburuarekin (110. araua), zure kontsultarekin zerikusia duena. Hona zer dioen, laburbilduz:

 

«MAIZTASUNA ADIERAZTEKO

 

–Maiztasuna adierazteko ereduen artean, mugagabeko erabilerekin batera, hots:

 

• Lau urtez behin elkartzen dira senitartekoak.

• Lau urtetarik behin elkartzen dira senitartekoak.

• Lau urtetarik lau urtetara elkartzen dira senitartekoak.

• Lau urterik behin elkartzen dira senitartekoak.

 

–Formaz mugatu singularra dena ere aukeran dugu:


• Lau urtetik behin elkartzen dira senitartekoak.

• Lau urtetik lau urtera elkartzen dira senitartekoak.


–Inesiboaren kasuan, berriz, forma mugatua da erabili behar dena honelakoetan:

 

• Lau urtean behin elkartzen dira senitartekoak.

 

–Maiztasuna adierazteko egituren artean, [izena + -ero] gisako esamoldea onartzekoa da:

 

• {Astero, hilero, ordulaurdenero...} etortzen da.

 

Baina bada hedatuxea den egitura bat, gaitzestekoa dena: -ERO atzizkiaren bidez osatua den *[zenbatzailea + izena + -ero] sintagma:

 

• *Bi urtero egiten dute bilera batzordekoek.

• *Hamabost egunero etortzen zait bisitan.

 

'Hamabostero', ordea, onartzekoa da, hamabostean behin nahiz hamabosterik behin-en parean.»