Galdera

 

“Kontu hori are zailagoa da idazten dugunean, idatzian ez dago-eta intonazioa aldatzerik”: ez da egokiagoa marratxorik gabe? 

 

Data: 2018/04/10  



Erantzuna

 

Gure ustez, ez.

 

1/ Euskaltzaindiak 1995ean arautu zuen nola idatzi horrelako esapideak: 27. arauan, hain zuzen ere (“HORI ETA, HORI EDO eta horrelakoen idazkera”). Laburbilduta, honela dio:

 

1. Egitura hauetan guztietan ageri diren juntagailuak osorik idatziko dira beti: eta, edo. [eta ez ‘ta’, esaterako, mintzatuan egiten dugun bezala]

2. Egitura agerikoa eta antzematen erraza denean, bereiz idatziko da juntagailua –ondoan koma izan edo ez–, bere garaian Euskaltzaindiak erabaki zuen bezala (hori eta, hori edo, hori dela eta).

3. Perpaus konplexua denean, ordea, beharrezkoa izan gabe ere, aukeran izango du idazleak juntagailuaren aurrean marratxoa ipintzea, testua ulertzeko lagungarri dela iruditzen bazaio (hori-eta, hori-edo, zer dela-eta).

 

2/ Beraz, aukeran ematen du horrelakoetan Euskaltzaindiak marratxoa ipintzearen auzia. Kontua da oso zaila dela neurtzea egitura sintaktiko bat noiz den antzematen erraza eta noiz konplexua, guztiz subjektiboa baita: irakurtzen oso ohituta dagoenak segituan antzemango dio, baina agian ez irakurle arrunt batek.

Guk, badaezpada, esanekoak garenez, aukera hori baliatu dezakegunez eta gure helburu behinena ulerterraztasuna izaten denez, horrelako egituretan (kasu honetan, kausazko menpeko perpausetan) joera argia daukagu marratxoa erabiltzeko.

 

3/ Esaldi osoa hau da:

 

“Kontu hori are zailagoa da idazten dugunean, idatzian ez dago-eta intonazioa aldatzerik edo horren moduko bestelako baliabiderik”

 

Marratxoa jarrita, argi dago –gure ustez– kausazko perpausa dela hondo berdez markatu duguna.

 

Zer gertatuko litzateke, berriz, marratxoa kenduko bagenu?

 

“Kontu hori are zailagoa da idazten dugunean, idatzian ez dago eta intonazioa aldatzerik edo horren moduko bestelako baliabiderik”

 

Gure ustez, irakurketa lineala denez, irakurle arrunt batek honela zatituko lituzke sintagmak:

 

“[Kontu hori are zailagoa da idazten dugunean], [idatzian ez dago] eta …”

 

Eta, beraz, espero luke eta juntagailu modura egotea hor, bi esaldi (esaterako) lotzeko. Puntura heldu, oker interpretatu duela konturatu, eta atzera egin beharko luke zuzen irakurtzeko. Horrelakoak saihesteko, uste dugu baliabide guztiz egokia dela marratxoarena.