Galdera

 

'Mirenek Iratiren autoan eraman zuen Irati': zein izenordain erabili behar da lehen ‘Irati’ hori ordezkatzeko? 'Haren' ala 'bere'?  

 

Data: 2018/04/19  



Erantzuna

 

Teorian, bere. Baina anbiguoa da; are gehiago: bere jarrita, gehienok Mirenena interpretatuko genuke. Uste dugu Iparraldeko hizkeretan haren erabiltzen dela, horrelako kasuetan.

 

(Kontu zaila da orain datorrena. Ea lortzen dugun labur azaltzen!)

 

1/ Euskara batu estandarrerako, komeni da haren (beraren) eta bere ez nahastea. Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak EIMAren liburukiak dioskunez (101.-102. or.),

 

«Honelakoetan dagokio bere erabiltzea: izenordain horrek aipatzen duen pertsona edo izakia perpausaren NOR, NORK edo NORI osagaia bada. Puntu hau ere azalduta dago Kalko okerrak liburukian (76. orrialdea).

a. Liburu bakoitza bere tokian jarri behar da.

b. Liburu bakoitzak bere salneurria du.

c. Liburu bakoitzari bere izenburua dagokio.

 

Perpauseko NOR, NORK edo NORI sintagmaren erreferentziakidea izan behar du, beraz, bere izenordainak; sintagma hori aditzean islaturik egoten da.»

 

Hau da: bere izenordainaren erreferentziak eta aditzaren NOR, NORK edo NORI pertsonetako batek berberak izan behar dute:

 

a. Sabino bere idazlana egiten ari da. [(da) NOR = ‘Sabino’; bere = ‘Sabinoren’]

b. Sabinok bere autoan ekarri nau. [(nau) NOR = ‘ni’; NORK = ‘Sabinok’; bere = ‘Sabinoren’]

c. Sabinori bere txaleta erosi diot. [(diot) NOR = ‘bere txaleta’; NORK = ‘nik’; NORI = ‘Sabinori’; bere = Sabinoren]

 

Eta jarraitzen du EIMAren liburukiak:

 

«Ez dagokio bere erabiltzea honelako perpausetan:

 

a. Ekuazioa ebaztea haren soluzioak aurkitzea da.

b. Liburuari ez ezik, haren salneurriari ere begiratzen diot.»

 

Zer dela-eta ezin da erabili bere bi esaldi horietan?

 

a. Ekuazioa ebaztea haren soluzioak aurkitzea da. [(da) NOR = ‘ekuazioa ebaztea’ (eta ez ‘ekuazioa’!!!!; haren = ekuazioaren]

b. Liburuari ez ezik, haren salneurriari ere begiratzen diot. [(diot) NOR = ‘Ø’; NORK = ‘nik’; NORI = ‘haren salneurriari’; haren = ‘liburuaren’]

 

2/ Zoritxarrez, anbiguotasunak sortzen dira bere izenordainaren erreferentzia perpausaren NOR, NORK edo NORI osagaietako birena izan daitekeenean, zure kasuan bezala:

 

Mirenek Iratiren autoan eraman zuen Irati = Mirenek bere autoan eraman zuen Irati

                   [(zuen) NOR = ‘Irati’; NORK = ‘Mirenek’; bere = ‘Iratiren’]

 

Mirenek Mirenen autoan eraman zuen Irati = Mirenek bere autoan eraman zuen Irati

                    [(zuen) NOR = ‘Irati’; NORK = ‘Mirenek’; bere = ‘Mirenen’]

 

3/ Zer egin kasu horretan? Anbiguotasuna dagoela igarriz gero, beste modu batean eman esaldia.

Euskaraz, inguruko erdaretan baino askoz ere gutxiagotan jartzen da NOREN sintagma:

 

• Sabinori bere txaleta erosi diot. → Sabinori bere txaleta erosi diot.

• Aurrena, Arantza eseri zen. Gero, haren aldamenean eseri zen Sabino. → Aurrena, Arantza eseri zen. Gero, haren aldamenean eseri zen Sabino. / Aurrena, Arantza eseri zen. Gero, aldamenean eseri zitzaion Sabino.

 

Gehienetan, beste interpretazio bat posible denean baino ez da jartzen posesiboa euskaraz.

 

Beraz, guztiz zuzenak izan arren, ez da komeni “Mirenek bere autoan eraman zuen Irati” eta haren bezalako esaldiak ematea euskaraz, anbiguoak baitira. Konpentsazioa erabili daiteke anbiguotasuna saihesteko:

 

• Mirenek autoan eraman zuen Irati ospitalera; Mirenenean (, hain zuzen ere).

• Mirenek autoan eraman zuen Irati ospitalera; Iratirenean (, hain zuzen ere).

 

4/ Konturatu zaitez gaztelaniaz are kasu gehiagotan gertatzen direla anbiguotasunak, eta saihestezinak izaten direla, hiztunak edo testugileak ez gara-eta jabetzen horretaz:

 

Eman dezagun esaldi hau: “Mire usted, Sra. directora: Irati estaba con Alberto cuando se desvaneció, y luego Miren la llevó al hospital en su coche”.

 

Zenbat izan daitezke 'su' posesiboaren erreferentziak? Esaldi horretan, lau!:


• su = Miren

• su = Irati

• su = Alberto

• su = Sra. Directora (usted)

 

Ingelesez, berriz, posesiboa derrigor jarri behar da baita kasurik agerikoenetan ere:

 

Sabino broke his leg while descending the stairs. [Sabinok bere berna apurtu zuen eskailerak jaisten ari zela]

 

Anbiguotasun kasuak, dena dela, gutxiago izaten dira ingelesez, posesiboaren generoa dela eta:

 

Sabino took Irati to the hospital in her car = [Sabinok bere autoan eraman zuen Irati ospitalera (Iratiren autoan, eta ez Sabinorenean)]