Galdera

 

Pena da ezer ezin hartzea”: zuzena da?


Data: 2018/05/09



Erantzuna

 

Ez. Honela behar du: “Pena da ezer ezin izatea hartu” edo “Pena da ezer ezin hartu izatea”.

 

1/ Kontuan izan behar duzu ezin ez dela aditz bat: ezin izan da aditza (aditz lokuzioa). Eta behar izan, nahi izan, ahal izan… aditz lokuzioek bezala jokatu behar dugu berarekin.

Hau da: argi eta garbi dago esaldi hauek ez direla zuzenak (‘*’ izartxoarekin adierazten dugu gramatikaltasun falta):


·         *Pena da ezer behar hartzea.

·         *Pena da ezer nahi hartzea.

·         *Pena da ezer ahal hartzea.


Horien ordez, honako hauek dira zuzenak:


·         Pena da ezer hartu behar izatea.

·         Pena da ezer hartu nahi izatea.

·         Pena da ezer hartu ahal izatea.


Berdin-berdin gertatzen da ezin izan aditzarekin:


·         *Pena da ezer ezin hartzea.


Baina zuzenak dira (gogoratu “ezin dut hartu” eta “ezin hartu dut” biak direla zuzenak):


·         Pena da ezer ezin izatea hartu.

·         Pena da ezer ezin hartu izatea.

(Arrazoi beragatik ez dira zuzenak “Ezer ezin hartzeko moduan” eta pareko nominalizazioak)

 

2/ Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika Lehen Urratsak-VII (Perpaus jokatugabeak) liburuan daukazu aurrekoaren gaineko informazioa (559. or.).