Galdera

 

El juez ha sobreseído la querella”: nola eman euskaraz?

“Epaileak kereila bertan behera utzi du” edo “Epaileak auzia bertan behera utzi du”?


Data: 2018/05/09



Erantzuna

 

 

                    ·         “Epaileak largetsi egin du kereila”

            ·         Kereila eta auzia ez dira sinonimoak.

 

1/ Ez dakigu Zuzenbide arloari zuzenean dagokion kontsulta den, edo nolabaiteko hizkera jasoari dagokion, erabateko zehaztasunik gabeko hizkerari. Guk, badaezpada, hertsiki lotu gatzaizkio hizkera juridikoari erantzuna emateko.

 

2/ Ikusi dezagun nola definitzen duen Euskaltzaindiaren Hiztegiak kereila berba (termino modura):


kereila 1 iz. Zuz. Epaileari edo dagokion organoari aurkezten zaion salaketa, auzia abiarazten duena. Epaitegiak ez du elkartearen kontra jarritako kereila onartu.


Zuzenbide arloko terminologiarako, badugu 2015etik hiztegitxo bat: Prozedura Kriminalaren Hiztegia. Bertara jotzen baduzu, kereilaren definizio honekin egingo duzu topo:


kereila Zigor-arloko prozesua abiarazteko, epaitegi eskudunean aurkezten den idazki formala. Idazki honen bidez, akzio penala egikaritzen da, eta kereila-jartzailea prozesuko alderdi bilakatzen da.


Beraz, desberdinak dira kereila eta auzia terminoak: lehenengoak bigarrena abiarazten du.


·         querella = kereila

·         causa = auzi

 

3/ Kontsultatu dugu nola esaten den gaztelaniazko sobreseer/sobreseimiento euskaraz, eta horretarako ere Prozedura Kriminalaren Hiztegira jo dugu, haren definizioa ematen baitigu:


largeste Zigor-arloko prozedura edo auzia behin betiko edo behin-behinean amaitutzat ematea, auziaren funtsezko egitatea delitutzat hartzen ez delako, egitatearen erantzukizuna auzipetuei ez dagokielako, edota akusazioa egiteko behar adina froga ez dagoelako. Auto bidez ebazten da.

(es[painieraz], sobreseimiento)

 

Beraz, Zuzenbide arloko terminologiari hertsiki lotuta, largetsi aditza erabili behar zenuke (sobreseimiento = largeste / largespen).

Jakina, hizkera arruntagoko sinonimotzat hartu dezakegu zure proposamena: bertan behera utzi. Eta, hasiera batean, artxibatu ere proposatu nahi genizun, baina duda egiten dugu gauza bera ote diren largestea eta artxibatzea. Zuzenbidean ez-adituontzat berdinak izan litezke, baina barruntatzen dugu legelarientzat ez direla gauza bera, eta arlo horretan oso garrantzitsuak dira ñabardurak!

EITBko Euskara Sailaren materialean bilaketak egiteko aukera ematen digu HIKEA web-orriak, eta bertara ere jo dugu jakiteko kazetariek nola eman behar dituzten euskaraz horrelako terminoak. Hau da bilaketaren emaitza:


·         moción de sobreseimiento = artxibatzeko mozio

·         sobreseer un sumario = sumarioa itxitzat eman


Aurreko hori guztia kontuan hartuta, norako nahi duzun, badirudi modu batean baino gehiagotan eman dezakezula ideia hori. 

 

4/ Zurea bezalako beste kontsulta batzuekin, www.justizia.eus/ web-orrira jo dugu informazio eske. Kasu honetan, sobreseer eta sobreseimento kontsultatu ditugu “Euskara justizian” bertako atalean, “Itzulpen juridikoak” izenburupean ageri den leihotxoan.

Gure ezjakintasunean, bi arazo genituen: Zer largesten da, kereila ala auzia? Gauza bera dira largestea eta artxibatzea?

Bada, web-orri horretako informazioan oinarrituta, ondorio hauetara heldu gara:


            ·         Zer largesten da, kereila ala auzia? Jarduketak (actuaciones), auzia, espedientea,       prozesua/prozedura… largesten dira.

            ·         Gauza bera dira largestea eta artxibatzea? Ez du ematen. Adibide askotan ageri dira batera, eta juntagailuaren bidez lotuta, esaldi honetan bezala: Erabakitzen da adingabearen aurka bideratutako jarduketak largestea eta artxibatzea = “Se acuerda el sobreseimiento y archivo de las actuaciones seguidas al menor”.

 

5/ “Epaileak kereila bertan behera utzi du” esaldiaren egokitasunaren kontura, ohar bat egin nahi dizugu:

Ez da komeni aditzaren aurrean elementu gehiegi pilatzea, nahiz eta laburrak izan; esaldi horretan, esaterako, hiru elementu daude:


NORK

ZER

‘NOLA’ (galdegaia)

ADITZA

Epaileak

kereila

bertan behera

utzi du

 

Beraz, galdegaia beti aditzaren aurrean jarrita, guk egokiagotzat jotzen ditugu beste aukera hauek (testu osoa bageneuka, bat edo beste hobetsiko genuke agian):


·         Epaileak bertan behera utzi du kereila.

·         Kereila bertan behera utzi du epaileak.

·         Bertan behera utzi du epaileak kereila.