Galdera

 

Idazkietan: “zuregana jotzen dut” ala “zuregana jo dut”?


Data: 2018/05/10



Erantzuna

 

“zuregana jotzen dut”.

 

1/ Gutunetan eta bestelako idazki formaletan askotan erabiltzen dira formula moduko batzuk, betiere -TZEN aspektu marka dutenak. Euskaltzaindiaren Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa liburuan esaten denez: 

«Testu hauek, behar diren testuinguruetan eta baldintzetan erabilita, esan ez ezik, egin egiten dute, gauzatu: bataiatu, barkatu, ezkondu, agindu (ebatzi, arautu...), apustu egin, testamentuz utzi...

Formaz, aditz gauzatzailea [performatiboa izena ere hartzen du] dute muin –aditzak esaten duena egiten du testuak–, eta lehen pertsonan joan ohi da, indikatiboko orainaldian, eta -T(Z)EN atzizkiaz.»

Hona mezuetan, gutunetan, egiaztagirietan, eskabideetan, aginduetan, xedapenetan… erabiltzen diren zenbait enuntziatu:

.  Gutun honen bidez jakinarazten dizut /dizugu… / Gutun honen bidez jakinarazten zaizu…

.  Zuregana jotzen dut (eskolan daukagun arazo baten berri emateko)

.  Eta ziurtagiri hau egiten dut, hori guztia jasota gera dadin.

.  Eta agiri hau sinatzen dut […]

.  Eta horrela jasotzen dut ziurtagiri honetan premiazkoa denerako.

.  […] Agindu horretan ezarritako izapide guztiak bete ondoren, Hautaketa-batzordea proposatuta, honako hau

EBAZTEN DUT :

Lehenengoa. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak izan eta hezkuntza-laguntzako espezialistak kontratatu beharra duten itunpeko ikastetxe pribatuei diru-laguntzak ematea 2017-2018 ikasturterako. Ebazpen honen eranskinean jasota dago ikastetxe horien zerrenda. […]

 

2/ Oso bestelako kontua da -TZEN aspektu-markaren zenbait erabilera okerrena: erdaratiko kalkoak egiten dituzte zenbaitek, esaterako proposamenak egitean edo gaztelaniaz orainaldi historikoa erabiltzen denean (izartxoak ‘*’ adierazten du esaldia ez dela zuzena):

.  *Irekitzen didazu atea? (Irekiko didazu atea?)

.  *Ikusten dugu ETBko pelikula gaur gauean? (Ikusiko dugu ETBko pelikula gaur gauean?)

.  *Bixente Ameztoi margolari surrealista 1946an jaiotzen da, Donostian, eta 2001ean hil, Villabona-Amasan. (Bixente Ameztoi margolari surrealista 1946an jaio zen, Donostian, eta 2001ean hil, Villabona-Amasan.)

 

3/ Jakina, “zuregana jo dut” esaldia guztiz zuzena da euskaraz, baina beste funtzio bat du: gertatu den zerbait azaltzea. Esaterako, esaldi hauetan:

.  Zuregana jo dut gaur goizean nire arazoa azaltzeko, baina, ez didazunez jaramonik egin, zuzendariarengana jotzea beste erremediorik ez dut izan.

.  Gaur ere zuregana jo dut. Han aurkitu zaitut, sendo, tinko, epel, gorriz jantzita. Urrunetik zure usain gozoa nabaritu dut eta horrek zu ukitzeko gogoa piztu dit. […] (blog batetik ateratakoa)