Galdera

 

“Gero eta lodiago, orduan eta zoriontsuago”: zuzena da?


Data: 2018/05/10



Erantzuna

 

Ez. “Gero eta…” esapideak bakarrik joan behar du.

 

1/ Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-V (Mendeko perpausak-1) liburuan duzu kontu honen gaineko informazioa (428.-438. or.).

 

2/ Eman dezagun zerbait (kantitate bat, tasun bat…) handituz doan heinean beste zerbait ere handituz doala. Korrelazio hori adierazteko, hainbat egitura erabili daitezke. Guztietan ezagunenak hauek dira:

a.       Zenbat (eta)…-ago, hainbat (eta)…-ago

·         Gorputz bat zenbat eta handiagoa izan tamainaz, hainbat eta txikiagoa da erlatiboki gainazala.

·         Alabaina, zenbat eta txikiagoa izan ontzi bat, hainbat eta arrisku handiagoa du eguraldi txarra denean.

·         Zenbat eta ezagunagoa izan kirola bera, hainbat eta ulerterrazagoa izango dugu araudia.

 

b.       “Zenbat (eta)…-ago, orduan (eta)…-ago

·         Horrelakoetan zenbat eta lehenago hasi tratamendua, orduan eta lehenago konpontzen da arazoa.

·         Argi dago gaixo dagoen animaliatik zenbat eta urrutiago zauden orduan eta arrisku gutxiago izango duzula.

·         Kasik esan daiteke haurra zenbat eta tontoago eta orduan eta “zergatik?” galdegin-zaleago dela.

 

Beste egitura batzuk hauek dira:

c.       Zenbatenaz…-ago, hainbatenaz…-ago

·         Eta zenbatenaz eta gehiago bizitzen baikara, hanbatenaz heriotzeko portura hurbiltzenago gara

 

d.      …-ago, …-ago

·         Tximinoa, zuhaitzean gorago, uzkia ageriago.

 

3/ Noiz erabili orduan “gero eta...-ago” esapidea?

Honako hau adierazi behar dugunean baino ez: denborak aurrera egiten duen heinean handituz doala zerbait (kantitatea, tasuna…).

Beraz, “gero eta...-ago” esapideak bakarrik joan behar du, korrelazioa denborarekin egiten dela baitarama berekin:

“Gero eta hobeto bereizten dituzte haurrek ingurukoen aurpegiak” = “Zenbat eta geroago, hobeto bereizten dituzte haurrek ingurukoen aurpegiak”

Beste adibide batzuk:

·         Batzuek diote uholdeak gero eta usuago gertatuko direla, Lurra ari dela berotzen, aroa horrek nahasten duela...

·         Aberatsak dira Donostia aldean, ura gero eta aberastasun estimatuago izango baita.

·         Hirurak eta laurden dira: gero eta aukera gutxiago dauzkagu, honezkero itxi dituzte leku asko...

Aurrekoetan bezala, egitura honek baditu bestelako aldaerak:

a.       geroago eta...-ago

b.      geroago ...-ago