Galdera

 

Egin aditz fokalizatzailea txertatuta, aldatzen da aditzaren errejimena?


Data: 2018/05/18



Erantzuna

 

Ez.

 

1/ Aditza ere, galdegai izan daiteke


Euskaltzaindiaren  Hiztegiaren arabera, hau da egin aditzaren balioetako/adieretako bat:


«Ezkerrean ezartzen den aditzaren indargarri gisa, edo hura esaldiaren galdegaia dela adierazteko; delako aditza era burutuan ezartzen da, eta aspektuaren marka egin-ek hartzen du»


Bai: batzuetan, aditza bera izaten da galdegaia. Eman dezagun galdetzen digutela:


Zer gertatu zen atzo New Yorkeko burtsarekin?

Zer egin zuen atzo Realak?


Erantzunak hauek izan litezke (hurrenez hurren):


30 puntu jaitsi zela.

Bi eta zortzi irabazi zuela.


 

Baina hauek ere bai:


·  Jaitsi egin zen.

·  Irabazi egin zuen.


Azken bi horietan, aditza da galdegaia, eta horiexetan txertatzen dugu egin aditza bizkaieraz eta gipuzkeraz (bizkaieraz, gainera, “Ekarri dakar (ez eroan)” eta antzekoak ere esaten dira, aditza galdegaia denean, eta adizki trinkoa bada).

Beste adibide batzuk emango dizkizugu:


Ez, ez nien azaldu nor zen Churchill; aipatu egin nien, ez besterik (aipatu baino ez nien egin).
Ez dago zuzendaria: irten egin da.
Erosi egin ditut tomateak: niri ez dit inork ezer oparitzen azken bolada honetan.
Aspaldi honetan, aldatu egin zara: lehen, askoz atseginagoa zinen.

 

2/ Adibideotan, ez dago noski ezkerreko aditzaren errejimena aldatuta. Ezkerreko aditza NOR sailekoa bada, egin txertatuta ere laguntzailea NOR saileko izango da; eta berdin NOR-NORK, NOR-NORI zein NOR-NORI-NORK sailetakoekin:


·         Mikel, New Yorkekin aspertuta, itzuli egin DA herrira. (itzuli da)

·         Antza, eztabaidan ari zirela, gizonak emakumea jo egin ZUEN sabelean. (jo zuen)

·         Txarto helduta zeneukan, eta azkenean erori egin ZITZAIZUN. (←erori zitzaizun)

·         Lagun batek liburu zahar bat eman dit, eta ekarri egin DIZUT, gustatuko zaizun esperantzan. (←ekarri dizut)

 

3/ Nola erabili jo aditza?


Jo aditzaren lehen adiera hau da: “Gauza batek beste bat halako indarrez ukitu” eta “Kolpe bat edo kolpeak eman”. Horrelakoetan, du motako laguntzaileak erabiltzen dira euskaraz, eta ez dio motakoak.

Kolpe, zapla, zartada, zartako, muturreko, belarrondoko, ostia, kaskako, ukaldi… eta antzeko osagarriekin, eman aditza baliatu behar duzu; NOR-NORI-NORK saileko laguntzaileak hartu ditzake noski eman aditzak zehar objektua ageriz gero:


·         George Weasleyk ukondoko bat eman zion Boleri, mendeku gisa.


Dio motako laguntzaileak hartzeko, bestelako adiera bateko izan behar du jo aditzak, eta osagarri zuzena hartu: txaloak jo, musika jo, adarra jo, trago bat jo, hordago jo, enbido jo


·      Beste trago bat jo diot botilari.

·      Eta are alaiago sentitzen naiz jendeak txaloak jotzen dizkigunean.

·      Adarra joko digu nahi adina aldiz, kapelatik usoa ateratzen duen magoaren gisan.

·      «Hordagoa» jo diote SNCF tren konpainia publikoari.

·      «Txistuak jo dizkidazue, baina maite zaituztet oraindik» kantatu behar izan zuen Xalbadorrek.