Galdera

 

Edificios de consumo de energía casi nulo: nola eman euskaraz?

 

Data: 2018/05/24



Erantzuna

 

Energia-kontsumo ia nuluko eraikinak

 

1/ Hizkuntza bakoitzean, nolabaiteko formulak –aldaezinak– eraiki dira kontzeptu horren berri emateko:


. Ingelesez (jatorrizkoa): Nearly Zero Energy Buildings (nZEB)

. Frantsesez: bâtiments à consommation d'énergie quasi nulle / bâtiments dont la consommation d'énergie est quasi nulle

. Italieraz: edifici a energia quasi zero

 

2/ Era berean, komeni da euskaraz horren moduko formula bat erabakitzea. Ohiko gure iturrietara jo dugu (Euskaltermera, kasu honetan), eta ez dugu aurkitu sarrera hori. Baina barruntaturik gurean eta gure hizkuntzan ere maiz erabili behar izan dela terminoa, kata bat egin dugu Interneten, ea dokumentu ofizialetan ageri den. Hona hemen pasarte esanguratsu batzuk:

a/ EHAA/BOPV (195. zk., 2015eko urriaren 14koa)


«Eraikinen efizientzia energetikoaren gaineko Europaren eskakizunak –Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko maiatzaren 19ko 2010/31/UE Zuzentarauan ezarriak–, hau da, eraikin berriak energia-kontsumo ia nuluko eraikinak izatearenak, eskatzen du efizientzia energetiko handiko eraikinak egitea, […]»

 

b/ Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala (2018/03/02)


«Hala, Europako Batzordearen 2016ko uztailaren 29ko 2016/1318 (EB) Gomendioak jarraibide batzuk ezartzen ditu kontsumoko eraikin berriak energia-kontsumo ia nuluko eraikina izan

daitezen 2020ko abenduaren 31 baino lehen eta agintari publikoen eraikin berriak, berriz, 2018ko abenduaren 31 baino lehen.»

 

c/ Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren web orria (“Energia eraginkortasuna leihoen instalazioan”)


«Europako 2010/31/UE Zuzentarauaren arabera, 2020ko abenduaren 31tik aurrera, eraikin berri guztiek izan behar dute energia-kontsumo ia nulua (eraikin publikoek, 2018ko abenduaren 31tik aurrera).»

 

d/ Energiaren Euskal Erakundea (A2PBEER jardunaldia erakin publikoak energetikoki birgaitzeko teknologia egokigarri eta irisgarrien bidez)

 

«A2PBEER proiektuak frogatzen du Energia-kontsumo ia Nuluko Eraikinen eskakizunak lortzeko moduan dagoela eraikin eta barruti publikoetan, teknologia egokigarri eta irisgarrien bidez.»

 

e/ EITBren albistea: “Energia efizientzia ziurtagiria duen munduko eraikinik garaiena, Boluetan”


«Ildo horretatik, “energia kontsumo ia nuluko eraikin bat eraikitzeko eta bertan bizitzeko gastuak ahalik eta txikienak izatea lortzeko ahaleginak zentzu betea du etxebizitza sozialez eta babes ofizialeko etxebizitzez ari garenean”, erantsi du.»

 

 

Eta horrelako beste asko ekarri genitzake. Beraz, formula hori proposatzen dizugu. Baina horretaz hitz egitean, bestelako hizkuntza maila batean, hau ere esan genezake:

ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinak

 

Horrela idatzita aurkitu dugu iturri hauetan:

. Zientziakaiera

. Diario Vasco

. Europapress

. Bilbao24horas