Galdera

 

“Kontutan hartu” ala “kontuan hartu”?

 

Data: 2018/06/22



Erantzuna

 

Kontuan hartu

 

1/ Euskaltzaindiak erabakita dauka “kontuan hartu” dela baturako forma, eta hala jasotzen du Hiztegian (kontu sarreraren azpian):


kontuan hartu Gogoan hartu, gogoan izan. Bere egoera kontuan hartu gabe. Hark ez zuen kontuan hartzen gu ere hara joango ginela. Urte horiek kontuan hartu gabe.


Eta berdin beste aditz batzuekin ere: kontuan eduki, kontuan izan, kontuan ipini, kontuan jarri, kontuan erori, kontuan jausi

 

2/ XX. mendean, euskara batua lehen pausoa ematen ari zela, asko zabaldu ziren dudatan jarri, bekatutan egon, kontutan hartu eta itxura horretako esapideak euskara idatzian, nahiz eta euskal literaturan tradizio urrikoak izan (noizik behin ageri dira; esaterako, Axularrek berak darabil kontutan). Herri hizkeran, berriz, batasuna eginda zegoen: Ipar zein Hego Euskal Herriko hiztunek dudan jarri, bekatuan egon eta kontuan hartu erabiltzen zituzten lasai-lasai; batasunaren izenean zabaldu ziren forma haiek apurtu egin zuten, nolabait esanda, aurrez zegoen batasuna.

Euskaltzaindiak, berriz, bere Hiztegi Batua taxutzeko, irizpide –gure ustez– zuzena aplikatu, eta mugagabeko forma haiek ez zituen onartu.