Galdera

 

En mala hora: nola eman euskaraz?


Data: 2018/06/22



Erantzuna

 

Modu asko daude.

 

1/ Aurrena, errazenera jo dugu: zer jasotzen dute gure ohiko hiztegiek?


·         Elhuyar: zorigaiztoan, zoritxarrean, ordu gaiztoan

·         Zehazki: ordu gaiztoan, ordu txarrean

 

 

Ez dago inolako arazorik euskal testuetan haien adibideak aurkitzeko:


·         Zorigaiztoan otu zitzaion amore ematea! (Denak du bere prezioa, Migel Angel Mintegi, Ibaizabal, 2002)

·         [Emakumea: “Zein da zuk diozun Pepe hori?”]... "Nere suia: zorigaiztoan neretzat agertu zana" (Platicac, Juan Bautista Aguirre)

·         Zori txarrean eskatu neutsazan bein txakolin-txiztil batzuk.

·         Eskaintza hoberik ez, eta ordu gaiztoan onartu genuen gure galbidea izango zen tratua.

·         “Ordu txarrean ikusi zintudan, jauna, zeren ikusi orduko bainintzen zutaz maitemindu, eta geroztik ez naiz jateko gauza, ez lo egiteko, ez ezertarako; zu besterik ez daukat buruan.” (Artur erregearen heriotza, Juan Kruz Igerabide, Erein, 2005)

 

2/ En mala hora  eta en buena hora ahozko hizkerari dagozkie batik bat, ez hizkera neutroari (maldita sea la hora… eta bendita sea la hora… bezala, esaterako).

Hori dela eta, beste hiztegi honetara jo dugu: Labayru hiztegi fraseologikoa. Beste bi baliabideren berri izango duzu han kontsultatuta, bi-biak ahozko hizkeran maiz erabiliak:

 

a.      [part.] + ba-[aux.] + [= part.] + [= aux.]


·         Esan baneutsan esan neutsan, hurrengo egunean herri osoak ekian. (= En mala hora se lo conté, al día siguiente lo sabía todo el pueblo.)

·         "Joan adi ba, joan bear baden" —esan nion...— Joan bazen joan... arrezkero eztu onik izan. (= En mala hora marchó...)

·         (Eman al zien adiskideai aparia?) .-Eman bazien eman zien! (= En mala hora se la dio...)

·         Asi bazan asi zan... Etorkizunaren berri jakin izan balu ixilik egongo zan. (= En mala hora empezó...)

·         Piper errien keak artzeko esan zidan, atso batek. Artu banituen artu nituen! Ia-ia ito nintzan! (= En mala hora los tomé...)


 

Beste adibide batzuk dituzu Justo Mokoroaren Repertorio de locuciones del habla popular vasca: Ortik eta emendik (1990) esamoldeen bilduma erraldoian.

 

 

a.      Ironia (adierazi nahi denaren kontrakoa esanda)


·         Ordu onean erosi neban nik traste zaharrau, ez dau ezertarako balio. (= En buena hora me compré yo este trasto viejo, no vale para nada)

·         Kuadrillara etorri berritan, berak gidatuko gintuela Los Goros kobazuloan... Zorionean egin genion jaramon! Bi orduz egon ginen galduta, frontaletako pilak agortzeko puntuan!

·         Halabeharrean agertu zinen! Presaz nenbilen lan hura bukatzeko, eta ordubetean egin beharrekoa lau orduan egin nuen zure laguntzarekin!