Galdera

 

Definizioak: nola definitu euskaraz zer den urtxintxa, esaterako?


Data: 2018/07/11



Erantzuna

 

(Amaieran)

 

1/ Zenbait eredu aztertzen

a/ Hona zuk proposatutako bi aukerak:

·         Katagorria edo urtxintxa izena hartzen dute eta zuhaitzetan bizi diren ugaztun karraskariak dira eta hainbat espezietakoak dira.

·         Katagorria edo urtxintxa:  zuhaitzetan bizi diren eta ugaztun karraskariak diren eta hainbat espezietakoak diren animaliak.

Gure kritika:

·         Guk ez genuke aipatuko izen bat edo beste hartzen dutela: hori esan gabe doa.

·         Gure ustez, “hainbat espezietakoak izatea” ez da beste informazioaren maila berekoa.

·         Bigarren aukeran, informaziorik garrantzitsuena amaieran doa, eta beste guztia erlatibozko hiru perpausen bidez emanda dago.

 

b/ Eta hona nola jasotzen duen Euskaltzaindiaren Hiztegiak:

(Katagorri sarrera) Basoetan bizi den ugaztun karraskaria, gehienetan ile-gorria, isats luze eta lodia duena (Sciurus sp.).

Definizio horren ezaugarriak:

·         Informazio garrantzitsuena hasieran dago (“Basoetan bizi den ugaztun karraskaria”).

·         Deskripzioa dator ondoren, adjektibo bat eta erlatibozko perpaus baten bitartez.

Nola jokatu, orduan, definizio bat diseinatzeko orduan? Batetik, erabaki behar dugu zer informazio eman nahi dugun (ez dira gauza bera definizioa LHkoentzat izatea eta Zoologia ikasleentzat izatea).

 

2/ Adibide bat.

Eman dezagun hontza zer den definitu nahi dugula, eta ezaugarri hauek aipatu nahi ditugula:


§  Hegaztia

§  Harraparia

§  Gauekoa

§  40 cm altua

§  Gorria eta beltza

§  Moko kakotua

§  Begi handiak, buruaren aurrealdean kokatuak

§  Animalia karraskari txikiak jaten ditu


 

Ez litzateke bat ere egokia honelako zerbait egitea:


   Hontza kolore gorri-beltza duen, moko kakotua eta buruaren aurrealdean kokatuak dituen begi handiak dituen eta animalia karraskari txikiak jaten dituen gaueko hegazti harraparia da.


   Zergatik?

·        Informazioaren muina amaieran doalako (irakurleak hizkuntza oztopoak gainditu behar ditu muinera heltzeko).

·        Esaldiaren ardatza ‘da’ aditza delarik, hori ere amaieran doalako.

Konparatu erdarazko definizioaren ohiko egiturarekin:

 

El búho es una ave rapaz nocturna que…

 

Ikaslerik alferrena ere ez litzateke aspertuko horraino irakurtzen; eta nahikoa du informazio hori jasota.

Beraz, aditza eta informazioaren muina lehenbailehen ematea proposatzen dizugu, eta bigarren mailako informazioa atzera botatzea:

                      

   Hontza da gaueko hegazti harraparia, kolore gorri-beltzekoa, moko kakotua duena, buruaren aurrealdean kokatutako begi handiak dituena, eta animalia karraskari txikiak jaten dituena.

 

Ahozko hizkuntzan, normalean, definigaiaren ondoan jartzen dugu aditza, intonazio egokia emanda.

Bestela, ez dago arazorik aditza informazioaren muinaren ondoan jartzeko:

  

Hontza gaueko hegazti harraparia da, […]

 

3/ Nola definitu daiteke zer den urtxintxa edo katagorria?

Hona gure proposamena (jakina, informazioa gehitu edo kendu egin dezakezu, zure interesen arabera):

Katagorria edo urtxintxa ugaztun karraskaria da, esziurioen familiakoa (hainbat espezie dira), basoetako zuhaitzetan bizi dena, mugitzean oso trebea eta arin-arina. Gure basoetako espeziekoak (Sciurus vulgaris) 24 cm inguruko gorputza du; bizkarra, beltz gorrixka; sabelaldea, zuria; eta buztana, iletsua eta gorputza bezain luzea –edo luzeagoa–.