Galdera

 

Lehen Mundu Gerra: Erabili daiteke LMG laburdura? Egokia da?


Data: 2018/07/11



Erantzuna

 

Ez da batere ohikoa euskaraz.

 

1/ Erabili daiteke? Egokia da?

Argi daukagu ez dela batere ohikoa euskaraz, erantzun laburrean adierazi dugun bezala, LMG eta BMG siglak erabiltzea. Edozein euskaldun eskolatuk, aldez aurretik erreferentziarik izan ezean, nekez ulertuko ditu.

Egokitasunaren kontua bestelakoa da: gure ustez, edozein testutan erabili daitezke laburdurak (siglak, esaterako), argi uzten bada lehen agerpenean zertaz ari garen. Baina oso subjektiboa da, gustuaren araberakoa maiz.

Erreferentziak egitea arte bat da testugintzan, eta, hala, Lehen Mundu Gerraren gaineko artikulu batean, hiru berbak behin eta berriro erabiltzea astuna izan litekeenez, nahikoa litzateke gehienetan edo tarteka “gerra” edo antzeko zerbait idaztea; edo bai laburdura bera ere, irakurleari argi uzten bazaio haren esanahia.

Esaterako, honelako pasarte bat idatzi dezakegu:


Lehen Mundu Gerraren kausa handiak

Lehen Mundu Gerrak (aurrerantzean, LMG) duela 100 urte egin zuen eztanda, Sarajevoko atentatuaren ondorioz. Eta Alemania izan zen errudun nagusia. Edo hori da azken mendean nagusitu den ideia. Baina gatazka konplexu horren atzean arrazoi askoz konplexuagoak daude eta mendeurrenaren aitzakian ugaltzen diren interpretazioak horren lekuko dira.

Odolezko eta iluntasunezko tunel luzea izan zen LMG, André Gide idazle frantziarraren hitzetan. Lau urte iraun zuen, baina badirudi historialariak oraindik ez direla tuneletik atera gerra eragin zuten kausak argitzeko garaian. Azken mendean 25.000 lanetik gora argitaratu dira LMGren inguruan, eta mendeurrenaren tiraldi komertziala aprobetxatuz, interpretazio berriez –eta ez hain berriez– bete dira liburu dendak. Baina egileak ez datoz bat gerra zerk eragin zuen azaltzerakoan.

(Nagore Irazustabarrenaren artikulu batetik kopiatua eta moldatua. Argia, 2014ko maiatzaren 18a)

 

2/ Nola jokatzen da inguruko erdaretan?

 

a/ Ingelesez, beste hizkuntza gehienetan ez bezala, oso ohikoa da laburdurak erabiltzea Mundu Gerrak izendatzeko: WWI eta WWII (World War).

Hain zabalduta daude, erreferente osoa aipatu gabe ere ageri dira testu askotan. Zergatik? Herrialde anglosaxoietan laburdurak erabiltzeko joera oso handia dagoelako, batetik, eta bai Erresuma Batuak, bai Estatu Batuek (eta beste herrialde anglosaxoi batzuek ere) parte hartu zutelako bi gerretan.

 

b/ Frantsesez, ez dute erabiltzen siglarik mundu gerrak izendatzeko, baina, Première Guerre Mondiale eta Deuxième Guerre Mondiale oso-osorik idazteko aukeraz gain, beste hauek ere ohikoak dira:

·         ‘la guerre de 14-18’ edo14-18, besterik gabe (eta, batez ere,la Grande Guerre)

·         ‘la guerre de 39-45’ edo39-45, besterik gabe

Aurreko puntuan esan bezala, nabarmena da Frantziak bi gerretan parte hartu izana; are gehiago, Frantzia izan zen eszenatokirik garrantzitsuena Lehen Mundu Gerran, eta beste inorentzat baino gogoangarriagoa da frantsesentzat: batasun nazionalaren sentimendua sortzeko gertaera historiko garrantzitsuentzat jotzen dute.

 

c/ Gaztelaniaz, ohikoena da Primera Guerra Mundial eta Segunda Guerra Mundial oso-osorik idaztea; RAEk (Errege Akademia) honela erantzun zuen horri buruzko zalantza bat heldu zitzaionean:

 

No existe una abreviación convencional y asentada, aunque puede documentarse en el uso la sigla «IIGM».


Jakina, aurkitu daitezke ‘PGM’ eta ‘SGM’ laburdurak siglak han-hemenka Interneten, baina ez oso maiz. Bistan dago Espainiak neutraltasuna agertu zuela bi gerretan.