Galdera

 

Pan semiintegral: nola eman euskaraz?

 

Data: 2018/07/11



Erantzuna

 

Erdiosoko ogia

 

1/ Nola eman (pan) integral?

Horrelako zalantza bat dugun bakoitzean, Elhuyar eta Zehazki hiztegietara jotzen dugu hitz arruntak direnean, eta Euskalterm terminologia bankura hitz teknikoak direnean. Badaezpada, hiruretan kontsultatu dugu (Mozilla Firefox nabigatzailerako Euskalbar tresna barran dituzu, beste hiztegi askorekin batera, bi hiztegiok eta Euskalterm bera).

Dena dela, tentuz ibili behar dugu Euskaltermekin, gure azken urteotako historia honetan proposatu diren aukera guzti-guztiak biltzen baititu, zaharkituta geratu direnak edo desegokiak direnak ere bai; Euskaltermen bertsio gaurkotuan, berriz, forma batzuek “termino normalizatua/gomendatua” http://www.euskara.euskadi.eus/appcont/euskalterm/images/logoEUMe.jpg etiketa dute, eta badirudi horiexek hobetsi beharko genituzkeela.

Honako hauek aurkitu ditugu (http://www.euskara.euskadi.eus/appcont/euskalterm/images/logoEUMe.jpg etiketa dutenak ekarri dizkizugu):


arroz integral

osoko arroza

azúcar integral

osoko azukrea

baguette integral

osoko baguettea

barra integral

osoko ogi luzea

biscotes integrales

osoko biskoteak

bollo integral

osoko opila

churro integral

irin osoko txurroa

espagueti integral

osoko espageti

galletas integrales

osoko gailetak

harina integral

osoko irina

magdalena integral

osoko madalena

pan integral

osoko ogia

pan integral

irin osoko ogia

salvado integral

osoko zahia

 

 

Beraz, ez dago zalantzarik: integral = osoko … proposatzen dizugu elikagaien arloan erabiltzeko.

 

2/ Nola eman ‘semi’ aurrizkia?

 

Euskaltermera joko dugu beste behin ere, ikusteko nola euskaratu dituzten ‘semi’ aurrizkia daukaten erdarazko terminoak. Hona gure bilaketaren emaitza (berriz ere, http://www.euskara.euskadi.eus/appcont/euskalterm/images/logoEUMe.jpg etiketa dutenak baino ez dizkizugu hona aldatu):

 

Anís (edo cava, licor…) semiseco

Anis (cava, likore…) erdilehorra

Arma semiautomática

Arma erdiautomatikoa

Articulación semimóvil

anfiartrosia

Botín semiflexible

Barruko bota erdi-malgua

Cafetera semiexprés eléctrica

Kafegailu erdiespres elektrikoa

Carrete semipesado

Txirrika erdi-astuna

Elecciones semi-competitivas

Erdi-lehiazko hauteskundeak

Fresa semiesférica

Bola-fresa

Hueso semilunar

Hezur semilunar

Leche semidescremada (edo descremada)

Esne erdigaingabetua

semiconductor

erdieroalea

Pasta semiblanqueada

Ore erdizuritua

Pasta semiquímica

Ore erdikimikoa

Periodo de semiintegración

erdibizitza

Pasta semidura

Pasta erdigogorra

Queso semicurado

Gazta erdiondua

Queso semigraso

Gazta erdikoipetsua

semicadencia

erdikadentzia

semiconserva

erdikontserba

semicorchea

kortxeaerdia

semifinal

Finalerdia / finalaurrekoa

semifusa

fusaerdi

semirremolque

erdiatoia

semisótano

erdisotoa

semitono

tonuerdi

Tinte capilar semipermanente

Ile-tintu erdiiraunkorra

Vermut (edo vino…)semidulce

Bermut (ardo…) erdigozoa

 

 

 

Beraz, gaztelaniazko ‘semi’ aurrizkia ia sistematikoki ematen da euskaraz ‘erdi’ erabilita. Baina, zergatik batzuetan aurretik eta atzetik beste batzuetan?

 

 

3/ Aurrizkia ala atzizkia?

 

Erreparatu zein den ‘semi’ erdal aurrizkiaren esanahia: «Elemento prefijal de origen latino que entra en la formación de nombres y adjetivos con el significado de 'medio', 'casi', 'no del todo'».

 

Beraz, bi esanahi nagusi ditu:

1.      erdibitzean geratzen den zati bakoitza (mitad)

2.      ia-ia, ez guztiz… (casi)

 

Bada, euskarazko terminologian bereizi egiten dira gehienetan bi adiera horiek:

 

1.      erdibitzean geratzen den zati bakoitza adierazteko, ‘-erdi’ atzizkia erabiltzen da: kortxeaerdi (semicorchea), zirkuluerdi (semicírculo), zilindroerdi (semicilindro), diametroerdi (semidiámetro), ilargierdi formako (semilunar), planoerdi (semiplano), baturaerdi (semisuma) , txikierdi (txiki edukiera-neurri zaharraren erdia)…

 

2.      ia-ia, ez guztiz… (casi), adierazteko, berriz, ‘erdi-’ aurrizkia erabiltzen da: erdiakuatiko (semiacuático), erdieroale (semiconductor), erdikontsonante (semiconsonante), erdikultismo (semicultismo), erdijainko (semidiós), erdilandu (semielaborado), erdimintzezko (semimembranoso), erdiiragazkor (semipermeable), erdibitxi (semiprecioso), erdigozo (semidulce)…

 

Esaterako: nola esan orduan media maratón? Gure ustez, kontuan harturik horrelako lasterketa batean 21.097,5 m bete behar direla (hain zuzen ere, maratoiaren distantziaren erdia), maratoierdia esan behar dugu, eta ez erdimaratoia.

 

Zure kontsultaren kasuan, bigarren adiera hartu behar dugu kontuan: semiintegral = no del todo integral. Beraz, euskaraz emateko honako hau proposatzen dizugu:


erdiosoko ogia

 

Oharra: Gorago esan bezala, gehienetan bereizi dira bi adierak, baina badira salbuespenak: arreberdi (arrebaorde), ahizperdi (ahizpaorde)…

 

 

 

4/ Idazkera

 

Gaztelaniaz, atzizkiak lotuta idazten dira, ez marratxoz edo bereiz. Gainera, ‘semi’ aurrizkiaren kasuan, erroaren hitza ‘i’ bokalez hasten bada, ‘i’ bikoitza idatzi behar da: semiintegral, semiinterno, semiinconsciente

 

Era berean, euskaraz ere lotuta idatzi behar da ‘erdi’ aurrizkia edo atzizkia denean (bai eta ‘i’ bikoitza idatzi ere, erroa ‘i’ bokalez hasten bada: erdiireki, erdiiragazkor…).