Galdera

 

'Zuei zer deritzozu?': zuzena da?


Data: 2018/10/04



Erantzuna

 

Ez. “Zuek zer deritzozue (horri)?” izan behar du.

 

1/ Euskaraz, dakizuenez, hainbat aditzek dituzte forma trinkoak (euskara zaharrean askoz ere gehiago izan bide ziren): egon, etorri, ibili, joan, atxeki, erion, etzan, jarraiki, eduki, ekarri, erabili, eraman/eroan, *io (esan), jakin, entzun, iritzi, erran, ezagutu, jardun, iharduki, ikusi, iraun eta irudi. Haietako batzuk NOR sailekoak dira, beste batzuk NOR-NORI sailekoak, beste batzuk NOR-NORK sailekoak, eta azkenik, zure kasuko aditzarekin gertatzen den bezala, NOR-NORI-NORK sailekoak.

 

2/ Zein sailetakoak diren jakiteko, Euskaltzaindiaren Hiztegira jo dezakezu. Beraz, kontsultatu dezagun bertan iritzi aditza:

iritzi1, iritz/iritzi, irizten dio ad. Uste izan, irudi. Zer deritzak (horri)? Nik gaizki deritzat etxea saltzeari. Zer irizten diozu?

Aditz bakoitzaren aldamenenean, etiketa bat ikusiko duzu. Kasu honetan, dio da; horrek esan nahi du NOR-NORI-NORK sailekoa dela iritzi aditza.

 

3/ Baina… zein da NORK eta zein da NORI?

Fijatu zaitez Euskaltzaindiaren Hiztegiak jasotzen duen adibideetan. Haietako bat hau da:

Nik gaizki deritzot etxea saltzeari

Bada, koloreetan markatu dizugu nola egiten den pertsonen jokoa iritzi aditzarekin: hor ikusiko duzu zergatik izan behar den zure adibidean “zuek” eta ez “zuei”, eta zein elementu doan NORI kasuan.

 

4/ Baliteke beste aditz batekin nahasteagatik izatea zalantza. Izan ere, aurreko esaldia iruditu aditzaren bitartez ere eman dezakezu (modu honetan erabilita, NOR-NORI sailekoa da):

Niri gaizki iruditzen zait etxea saltzea

Aditza aldatuta, pertsonen dantza gertatzen da: iritzi aditzarekin NORK kasukoa dena NORI kasuan ematen da iruditu aditzarekin; eta iritzi aditzarekin NORI kasukoa dena, NOR kasuan iruditu aditzarekin.

5/ Hona hemen iritzi aditzaren forma trinkoen taula:

Resultado de imagen de iritzi aditzaren taula

 

6/ Gure azken mendeotako historian, adizki trinko asko desagertu egin dira zenbait hizkeratatik; are gehiago, beste batzuk, goragoko ohar batean adierazi bezala, guztiz desagertu dira (izeki, eragon, erasi, jaiki, erori, jaitsi…).

Iritzi aditzaren forma trinkoak ere desagertu dira zenbait hizkeratan, eta forma analitikoak baino ez dira erabiltzen:

·         “Zuek zer deritzozue Mikelen portaerari?” “Zuek zer irizten diozue Mikelen portaerari?”

·         “Mikelen trikimailuei oso gaizki generitzen, eta horrexegatik bota genuen taldetik” “Mikelen trikimailuei oso gaizki irizten genien, eta horrexegatik bota genuen taldetik”