Galdera

 

'Bilduta daude': Kalkoa da? Hartu du horren gaineko erabakirik Euskaltzaindiak?


Data: 2018/04/10



Erantzuna

 

Bai, kalko okerra da, gure ustez. “Bilera batean / Bileran daude” esan behar genuke.

 

1/ Kontsultan, Euskaltzaindia aipatu diguzu, eta zuzenean jo dugu Jagonet haren kontsulta zerbitzura ikusteko zer dioen auzi honen gainean:


Galdera

Bildu aditzarekin, erabil daiteke "bilduta daude" egitura: alegia, jendea bilera batean dagoela adierazteko? Pertsonak "bilduta" egon daitezke?

Erantzuna

Euskaltzaindiak ez du ezer erabaki horretaz; baina "bilduta egon" egiturak gaztelaniazko "estar reunido" esapidearen kalko ustela dirudi eta, beraz, erdarakada nabarmena (non eta ez den esan nahi "estar recogido"). Hortaz, "bileran egon" erabiltzea izango dugu egokiena.

Data: 2001/09/25
Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna

 

2/ Are gehiago, Berriaren estilo liburuan ere okertzat ematen da “bilduta egon” formula:

bilduta egon* e. bilera batean egon. LABeko arduradun bat auzitara eraman nahi dute, baina hura Donostian bilduta egon zen egun hartan*[e.] LABeko arduradun bat auzitara eraman nahi dute, baina hura Donostian bilera batean egon zen egun hartan.

Hau da: *bilduta egon ez da zuzena –horixe adierazten du izartxoak–; erabili ezazu (‘e.’) bilera batean egon.

 

3/ Kalkoen gainean gehiago jakin nahi baduzu, hona hemen lau erreferentzia:

·         Juan Garzia Garmendiaren Kalko okerrak liburuxka (EIMAren estilo liburua)

·         EHUren “Kalkoen Behatokia

·         Nafarroako EIBZren bloga (kalko okerren gaineko atala)

·         Karlos del Olmoren “Oratoria, akatsak, itzulpengintza eta kalkoak” artikulua (Senez 21, 1999)

Eta, amaitzeko, ohar bat: kalko guztiak ez dira zertan izan okerrak!!