Galdera

 

'Interoperatibilidad': nola eman euskaraz?


Data: 2018/10/04



Erantzuna

 

Elkarreragingarritasuna

 

1/ Interneten miatuta, elkarreragingarritasun eta operabilitate hitzen artean dago lehia euskaraz gaztelaniazko interoperabilidad emateko.

 

2/ Termino bat euskaratzeko eskatzen digutenean, zuzenean jotzen dugu (ohiko hiztegiez gain) Euskalterm banku terminologikora.

Administrazioa eta Informatika arloetako bost termino ageri dira bertan, eta guztietan proposatzen da elkarreragingarritasun euskal ordaina:


Informatika

Interoperabilidad

elkarreragingarritasun

Administrazioa

Interoperabilidad

elkarreragingarritasun

Administrazioa

Interoperabilidad en el tiempo

denbora-elkarreragingarritasun

Administrazioa

Nodo de interoperabilidad

elkarreragingarritasun-nodo

Administrazioa

Servicio de interoperabilidad

elkarreragingarritasun-zerbitzua

 

Honela definitzen da: «Informazio-sistemek eta haietan oinarritutako prozedurek datuak partekatzeko eta elkarren artean informazioa eta ezagutza trukatzeko duten gaitasuna.»

Zoritxarrez, bost horietatik batek ere ez dauka  termino normalizatua/gomendatua delako etiketa; baina termino behin-behinean normalizatu/gomendatutzat jotzen da (Terminologia Batzordearen onespenaren zain). Bestela, etiketa hori eduki izan balu, gomendatuko genizun lasai asko erabiltzeko.

 

3/ Gure beste iturri bat, termino bereziki konplikatuak direnean, EHUskaratuak izaten da, “ikasliburuen itzulpenen EHUren corpus paraleloa”. Liburu batean baino ez da ageri interoperabilidad kontzeptua: Cicileo, G. eta beste: IPv6 para todos (2009). Itzultzailea: Elhuyar Fundazioa, Iza, I.: IPv6 nonahi baliatzeko gidaliburua (2011) ◊ Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua ◊ Begirale teknikoa: Huarte, M. ◊ hizkuntza-begiralea: Igerabide, J.K.

Bi aldiz euskaratu behar izan dute interoperabilidad, eta bietan erabili dute interoperabilitate berba.

 

4/ Beste batzuetan ere tokatu zaigu busti behar izatea oraingoan bezala bi forma edo gehiago lehian daudenean, eta heldu zaigu ordua: Euskalterm da gure erreferentzia nagusia, baina EHUren argitalpen ofizial batek badauka pisua–Elhuyar Fundazioak itzuli bada, are gehiago– gure erabakian. Eta orduan, zer?

Kata bat egin dugu Interneten ea zer erakunderen idazkietan erabiltzen diren forma bata eta bestea. Ikerketan horretan, konturatu gara argitalpen ofizialetan elkarreragingarritasun erabiltzen dela nagusiki:


·         Eusko Jaurlaritza / Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Elkarreragingarritasuna da informazioaren eta komunikazioen teknologietako sistemek nahiz prozesuek edo prozesu-erregelek eta haiei eusten dieten operatibek daukaten gaitasuna, datuak trukatzeko eta ezagutza bateratzeko lana ahalbidetzeko.


·         Estatuko Aldizkari Ofiziala

FOM/22/2015 Agindua, urtarrilaren 19koa, honako errege-dekretuaren III. eranskina aldatzen duena: 1434/2010 Errege Dekretua, azaroaren 5ekoa, interes orokorreko trenbide-sarearen sistemaren elkarreragingarritasunari buruzkoa.


·         Eusko Jaurlaritza / Herri Administrazioa eta Justizia Saila

Egindako galderei erantzunez, jakinarazten dizut Gobernua elkarreragingarritasun proiektua gauzatzen ari dela, eta horretarako hitzarmenak adostu direla Estatuko Administrazioko Nagusiarekin, foru aldundiekin eta udalekin.


·         Mugi

Gaurtik aurrera, Euskotrenen sare nagusiaren trazatu osoan, tranbietan, funikularretan erabil daitezke EAEko hiru garraio-txartelak. MUGI, BAT eta BARIK txartelen elkarreragingarritasuna: Ana Oregi Sailburuak zuzentzen duen sailak hasitako prozesuaren xede.


·         Bizkaiko Foru Aldundia

Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen du prestazio ekonomikoen kontsultarako web-zerbitzu hau, eta Bizkaiko elkarreragingarritasun-plataforman jarrita dago; haren bidez, pertsona jakin bati buruzko informazioa eskuratu daiteke, eta azken bi urteetan kobratu dituen prestazioen zenbatekoa jakin daiteke.

 

Beraz, ikusirik Euskaltermen behin behinean bada ere normalizatutzat hartzen dela, eta askotxo direla Interneten aurkitu daitezkeen idazki ofizialetako adibideak, elkarreragingarritasun forma erabiltzea proposatzen dizugu.