Galdera

 

'Kadizeko Gorteak, Cadizeko Gorteak, Cádizeko Gorteak'…: zein da zuzena?

 

Data: 2018/10/09



Erantzuna

 

Cádizko Gorteak/Cadizko Gorteak

 

1/ Aspaldi arautu zuen Euskaltzaindiak zein diren Espainiako autonomia-erkidegoen, probintzien eta probintzia-hiriburuen izenen euskarazko formak (32. araua). Arau horrek diosku Cádiz/ Cadiz dela forma arautua –azentu grafikoa aukerakoa da gaztelaniatik hartutako toponimoetan–, eta ez beste bat (Kontuz! Beste batzuk, berriz, euskarazko grafiara ekarri dira, arrazoi historikoak direla eta: Bartzelona, Kordoba…).

Beraz, Cádizko/Cadizko… (edo Cádizeko/Cadizeko…) izan behar du.

 

2/ Beste iturri erabilgarri bat EIMAren Onomastika liburukia da: hainbat lekuren, Historiako pertsonaren eta gertaeraren, artelanen eta besteren izenak jasotzen ditu, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Esate baterako, Cadizi dagokionez, Cádizko Golkoa leku izena eta Cádizko Konstituzioa gertaera historikoaren izena topatuko dituzu bertan.

 

3/ Gorte izenaren kontura ez dago zalantzarik; Euskaltzaindiaren arabera, honela definitu daiteke behar duzun adieran:


gorte 1 iz. Errege-erreginen eta haien ingurukoen egoitza; errege-erreginen ingurua. Bazuen 130 urte, Parisetik kanpo zela gortea. Erromako gortea. Faraoia eta bere gortekoak. Gorteko kargudun bat. Gorte gizonak. || Zeruko gortea.

2 iz. Frantziako Iraultza aurreko gizarte antolamenduko legebiltzarra; Erdi Aroko Nafarroan eta Zuberoan, botere legegilea zuen goi mailako batzarra.

3 iz. pl. Espainiako estatuko legebiltzarra.

4 iz. Ipar. Auzitegia, epaitegia.

 

4/ Amaitzeko, oparitxo bat, zure kontsultarekin zerikusia duena. Zaldibitik Eniriora joateko (Aralar aldean), bide zoragarri bat dago: galtzada zahar bat (“Jentilen galtzada”). Bada, erne bazaude, haren aldameneko borda batean pintada harrigarri hau aurkituko duzu: