Galdera

 

‘(Google) Drive’ eta ‘app’: nola deklinatu?

 

Data: 2018/10/26



Erantzuna

 

·         Drive: bokalez amaitzen diren izen bereziak bezala

·         app: kontsotantez amaitzen diren izen arruntak bezala

 

1/ Datorren informazioa Joserra Etxebarriaren Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak liburuxkatik aterata dago (119.-121. or.) (EIMAren estilo liburuaren zatia da):

«Informatikan, izen eta sigla berezi batzuk erabiltzen dira, diskurtsoan integratzean deklinatu beharrekoak (Google, Apple, Microsoft, Internet...; JPEG, VB, WWW...); halaber, ingelesetik zuzenean harturiko maileguak ere barra-barra erabiltzen dira (hardware, software, web, blog...). Horiek guztiak era arautu estandarrean idaztea komeni da.»

Ondoren, gomendio hauek datoz:

a/ Beste hizkuntzetatik (ingelesetik batez ere) harturiko izen berezietan:

·         Irizpide ortografikoaren arabera gehitzen dira deklinabide-atzizkiak (zeren izen horiek guztiak testuetan identifikatzen baititugu, gehienbat) eta izen berezien trataera bera ematen zaie. Beraz, Drive-n, ‘Bilbo+n’ bezala (eta, ezaguna izanez gero, Driven).

·         Mailegu horiek letra arruntez idazten dira eta marratxoz lotzen deklinabide-atzizkiari (behin ezaguna izanez gero, marratxoa saihestu daiteke, eta horixe hobesten da). Beraz:


Google-ren, Apple-ren, Microsoft-ekin...

Googleren, Appleren, Microsoftekin...

 

b/ Ingelesezko hitz arruntetan (gainerako hizkuntzetan mailegutzat hartuak eta gaur egun nazioartekotzat har daitezkeenak):

·         Irizpide ortografikoaren arabera gehitzen dira deklinabide-atzizkiak.

·         Mailegu geureganatuak badira (Hiztegi Batuan ageri direnak) edo hibridoak letra arruntez idazten dira, eta euskarazko beste edozein hitzekin jokatzen den modu berean jokatzen da deklinabide- edo eratorpen-atzizkiak eranstean, marratxorik erabili gabe:

softwarearen, webeko, softwaregile, webgune, web-orri, software-ekoizpen...

·         Mailegu arrotzagoak direnean, letra etzanez bereiziko dira, lehen agerraldian behintzat. Eta ez da marratxorik erabiltzen deklinabide kasuak eranstean:

pluginean (edo plug-inean), servletaren, plugin-eguneratzearen, heap-garbiketa, heapean…

 

Beraz, lehen agerraldian behintzat: appetan, appei buruz…

 

2/ Ez da erreparatu behar, beraz, nola ahoskatzen diren jatorrizko hizkuntzetan. Bakoitzak ahal duena, edo dakiena, edo ingurukoek egin ohi dutena… egingo du.

Hala, Shakespeare handiaren kasuan, modu honetan ebakiko dugu ia gehienok haren deitura: [xeikspir].

Baina deklinatzean, irizpide ortografiko hutsa erabili behar da: NOREN kasuan, esaterako, ‘-ren’ deklinabide-atzizkia erantsi behar da, izena idaztean bokalez amaitzen delako: <Shakespeareren>. Ebakitzean, berriz, [xeikspir] esaten dugunok [xeikspirren] (edo antzeko zerbait) esango dugu.

 

Era berean, <Driveren> idatzi, baina [draiven] (edo antzeko zerbait) ahoskatuko dute batzuek ([draiv] esaten dutenek).