Galdera


“Bene-benetan, txakurra berbetan” atsotitza: zer esan nahi du?


Data: 2018/10/26



Erantzuna

 

1/ Kontsultan diozun moduan, esaera Gotzon Garateren Atsotitzak bilduman aurkitu duzu, baina ez du jartzen baliokiderik beste hizkuntzetan, esanahiaren argigarri izan litekeenik.

Jesus Mari Makazagaren Elgoibarko hizkera doktore tesian, berriz, jasotzen da esaera, bai eta azaltzen ere zer “esan nahi” duen:

«Bene-benetan, txakurra berbetan: Norbait “bene-benetan” esaka hasten denean erabiltzen da.

 

Beraz, “benetan” entzun eta segituan esaten den erantzun azkarra baino ez da: horrexegatik ez du baliokiderik beste hizkuntzetan.

 

2/ Horren pareko beste hainbat eta hainbat daude euskaraz (eta, seguruenik, beste hizkuntzetan ere bai).

Esate baterako, hona hemen “amen” esapidearen oihartzunetako batzuk (lehen biak ere jasotzen ditu Garateren bildumak; jakina, baliokiderik gabeak beste hizkuntzetan):


·         “Amen, zu hor eta ni hemen”

·         “Amen, ezta gauza onik amen” (“Amen ez da gauza onik hemen”)

·         “Amen! Gure otseina Karmen”

·         “Amen! Ez da giro hemen!”

 

Gaztelaniazko “Vaya, vaya!” espresioak ere badauka bere boteprontoa:


·         Vaya, vaya! Azak eta urdaia”

 

3/ Anjel Lertxundiren Letrak kalekantoitik liburuan ikasi dugu saguaren eta katuaren arteko ezinikusia erabiltzen dela maiz erantzun azkar horietarako (fijatu zaitez zure formularen aldaera bat baino ez dela lehenengoa):

—Neure begiz ikusia, katuaren ondoan odolkia.

—Benetan?

—Katua eta sagua berbetan.

—Egia?

—Katuaren belarrian egin du saguak habia.

—Serio?

—Saguak katuari hozka egin dio.

 

4/ Horien guztien jatorria ditxo edo zirtoetan dago: “Barre eragiteko edo ziria sartzeko paratzen den esaldi errimaduna” da ditxoa.

Andoni Egañak bere Hogeita bina liburuan dioskunez, ditxolarien usadioak bizi-bizirik dirau sustraiak baserriak dituztenentzat. Eta definizioa ematen du: “Esamolde labur bati beste esamolde labur batekin erantzutea, errimatuz”:

—Bazoaz..

—Nire betiko pausoaz!

 

Izenekin maiz egiten dute ditxolariek jolas. Honelako trukea behin baino gehiagotan gertatu zaiola dio Andonik:

—Andoni!

—Ondo, ni…

—Halaxe komeni!

 

Gure lagun Kolestiri ere goiz askotan diosala egiterakoan:

—Kolesti!

—Apal eta ezti!

 

Beste adibide batzuk:

·         Batixta, sar hadi kaketan txista.

·         Joxe Mari, miri mari, lau hanka ta bost belarri.

 

5/ Ariketa dotorea izan liteke hizkuntzarekin atsegin hartzeko, gelakideen eta irakasleen izenekin horrelako ditxoak asmatzea...

—Iñaki!

—Baneza eta baneki…

—Juanjo!

—Txistua atera eta bertan jo!

 

Honaino heltzeko pazientzia izan baduzu…: eskerrik asko!

(—Ekarri asko!)