Galdera

 

'Día mundial del pan': nola eman euskaraz?


Data: 2018/10/29



Erantzuna

 

Ogiaren Mundu Eguna / Ogiaren Munduko Eguna

 

1/ Kontsultan galdetu diguzu ea mundial adjektiboa erabili daitekeen adiera horretan. Izan zitekeen, onartzen baitira euskaraz zenbaitetan adjektibo erreferentzialak, baita esanahi horretatik hurbil daudenak ere: nazional, kontinental, unibertsal… Kontua da, kasu honetan, mundial berbak beste adiera bat hartu duela gure hizkuntzan; Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera:

mundial = adj. Heg. Lgart. Sekulakoa, oso ona. Ik. handi

Jakina, sekulakoa, egundokoa, izugarri(zko)…, itzelezko, bikain… horien guztien sinonimotzat hartu dezakegu mundial, Hego Euskal Herriko hizkeretan  eta lagunarteko hizkera arruntean.

Berriaren estilo liburuak ere ohartarazten gaitu bigarren adieran mundialaren erabilera okerraz:


mundial 1. h. egundoko, sekulako.

mundial 2* e. munduko, mundu(-). Munduko Futbol Kopa. Mundu gerra.


Izartxoak adierazten du mundial ez dela zuzena bigarren adieran, eta ‘e.’ laburdurak erakusten digu nola euskaratu: (erabili ezazu) munduko izenlaguna edo mundu(-) duen hitz elkarketa.

 

2/ Berriaren estilo liburuak, Elhuyar hiztegiak, Zehazkik… denek esaten digute munduko eta mundu(-) direla ordain egokiak.

Beste kontu bat da nazioarteko edo unibertsal ere erabili daitezkeen. Kontua da zein erakundek izendatzen duen, egun batzuk mundukoak direla eta beste batzuk nazioartekoak (esate baterako, NBEk proposatutakoak, mundukoak; NBEko erresuma batek edo batzuek proposatutakoak, nazioartekoak). Baina, dirudienez, bestelako erakundeek ere izendatu ditzakete.

Ogiaren kasuan, zalantza izan dugu  nola jokatu: gaztelaniaz, “Día Internacional del Pan” ere aurkitu dugu, eta ez gutxitan. Baina Interneten nabigatu, eta konturatu gara frantsesez “Journée Mondiale du Pain” esaten dutela, salbuespen gutxi batzuekin, eta “World Bread Day” ingelesez. Beraz, mundu(-)egun edo munduko egun formen alde egin dugu.