Galdera

 

‘-ko’/’-ren’ atzizkiak: Donostiako historia ala Donostiaren historia?

 

Data: 2018/10/31



Erantzuna

 

Biak dira zuzenak.

 

1/ Askotan heltzen dira kontsulta zerbitzuetara (baita gurera ere, jakina) ‘-ko’ eta ’-ren’ atzizkien gaineko zalantzak. Gure datu basean haietako batzuk aurkituko dituzu, nola edo hala erantzunda.

Oinarrizko teoria, behintzat, argi dago (Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak EIMAren liburutik –165.-166. orrialdeak– aldatu dizugu hona informazioa):


a/ Kokapena adierazten da, oro har, -ko loturarekin (tokia, denbora, esparrua):

«herriko kaleak», «ikasturteko irteerak», «matematikako zalantzak»...

 

b/ Eta -en lotura, berriz, ideia bat baino gehiagoren adierazle izan daiteke:

·         [aditz batetik eratorriko izen batekin, NOR, NORK eta NORI kasuak tartean daudenean: («umeen hilketa –umeak hil dituzte–»; «Milwakeeko harakinaren hilketak –Milwakeeko harakinak hil zituen–)»…]

·         agentea («artistaren obra»)

·         pazientea («liburuaren itzulpena»)

·         gaia («ikasturtearen garrantzia»)

·         jabetza («amaren autoa»)

·         osotasun/zati harremana («alkandoraren mahuka»)

·         ...

 

2/ Baina, zenbait kasutan, aukera biak jotzen dira zuzentzat (hainbat adibide dituzu Morfosintaxiaren inguruko… liburuan); besteak beste, aztertzeko ekarritakoa:


Euskal Herriko historia (‘Euskal Herrian gertatua’; beraz, NON gertatua NONGO historia)

Euskal Herriaren historia (‘Euskal Herria subjektu duen historia’; adiera, beraz, gaia-edo denez, NOREN)


Bidenabar esanda, Euskaltzaindiak bere mendeurrena ospatzeko argitaratu duen Euskara Batuaren Eskuliburuan ere jasotzen da adibidea (300. or.).

 

3/ Zein aukeratuko genuke guk?

Zinez, pentsatzen dugu zure adibidean benetako adiera dela ‘Donostia subjektu duen historia’, eta, beraz, NOREN kasuaren alde egiten dugu: Donostiaren historia.