Galdera

 

Laburdurak: asteko egunenak


Data: 2018/10/31



Erantzuna

 

al.

as.

az.

og.

or.

lr.

ig.

 

 

1/ Zoritxarrez, oraindik saltsa aski handia dago kontu honetan. Zein iturritara jotzen duzun, informazio kontrajarria jasoko duzu; beraz, ez dirudi oso finkatuta dagoenik nola jokatu behar dugun kontu honekin. Gure ohiko iturri (fidagarri)etan kontsultatu, eta hiru sail hauek aurkitu ditugu:

 

al.

as.

az.

og.

or.

lr.

ig.

Ofiziala, nolabait

al.

ar.

az.

og.

or.

lr.

ig.

Berriaren estilo liburua, adibidez

al.

ar.

az.

og.

ol.

lr.

ig.

Elhuyar elkartea, adibidez


 Zer egin, orduan?

 

2/ Euskaltzaindiaren mendeurrenaren ospakizunetan, Euskara Batuaren Eskuliburua argitaratu da, gure akademiaren nolabaiteko bedeinkapena izango duena, noski.

Laburdurez ari delarik, honela dio:


Hizkuntza bakoitzak bere laburdurak izaten ditu. Gurean, Euskaltzaindiak arau esplizitu gisa ez dauka ezer arauturik. Guk, obra honetan, Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuko EIMAren estilo-liburuari —Ortotipografia liburukiari, hain zuzen [39. or.]— jarraitu diogu nagusiki, azken urteotan gure gizartean errotuz joan diren konbentzio nagusiak ondo jasotzen dituelakoan.


Eta erabilienen artean, asteko egunen eta hilen laburdurak aipatzen ditu:


Asteko egunak: al. (astelehena), as. (asteartea), az. (asteazkena), og. (osteguna), or. (ostirala), lr. (larunbata) eta ig. (igandea).

Hilak: urt. (urtarrila), ots. (otsaila), mar. (martxoa), api. (apirila), mai. (maiatza), eka. (ekaina), uzt. (uztaila), abu. (abuztua), ira. (iraila), urr. (urria), aza. (azaroa) eta abe. (abendua).


Horiek guztiak eta modu berean daude jasota Laburtzapenen Hiztegian, Euskaltermen integratuta daudenen hiztegietako batean. Bertako laburtzapen guzti-guztiek daukate http://www.euskadi.eus/appcont/euskalterm/images/logoEUMe.jpg etiketa; horrek esan nahi du termino normalizatuak/gomendatuak direla, Terminologia Batzordearen onespena dutela.

Eusko Jaurlaritzaren agiri-ereduetan ere, “urteko egutegia” atalean, Laburtzapenen Hiztegiko laburdurak erabiltzen dira asteko egunetarako.

Hori dela-eta uste dugu ofizialtasun maila handia duela guk hobetsi dugun lehen laburdura, nahiz eta sekulako garrantzia duten erakundeak izan Elhuyar eta Berria.

 

3/ Gaztelaniaz, ez dago laburdura ofizialik asteko egunetan (beraz, bakoitzak erabakitzen du gutxi gorabehera zein erabili: adibidez, lu., ma., mi., ju., vi., sá., do.), baina bai hilenetan. Askotan, laburdurak erabili beharrean, sinboloak erabiltzen dira, letra batekoak edo bikoak:


L

M

X

J

V

S

D

LU

MA

MI

JU

VI

SA

DO

 

Irizpide bakarra da zalantzarik ez sortzea. Beraz, euskaraz ere erabili daitezke sinboloak, noski. Baina, horretarako, denak (edo lehen bostak, esaterako) eta elkarren segidan agertu beharko lirateke anbiguotasunik ez sortzeko:


A

A

A

O

O

L

I

 

4/ Euskaraz aldatu egiten dira toki batetik bestera asteko egunen izenak. Beraz, tokian tokiko agerkarietan, beste laburdura batzuk ere onartu beharko lirateke. Esate baterako, bizkaiera batuan laburdura hauek erabiltzen dira Labayru Hiztegiaren talde arduradunaren arabera:

- astelehena (ast.) / ilena (il.)

- martitzena (mart.)

- eguaztena (eguaz.)

- eguena (eg.)

- barikua (bar.)

- zapatua (zap.)

- domekea (dom.)