Galdera

 

Atzizkiak: noiz nola erabili ‘-ar’ / ‘-tar’ / ‘-dar’?


Data: 2018/12/07



Erantzuna


Ez dago araurik. Baina…

 

 

1/ Behin hala, ikusirik gure bezerook zalantzak dituzuela herritar izenen kontu honen gainean, erabaki genuen artikulu bat idaztea garai hartako gure blogean: http://iralekz.blogspot.com/2015/04/nongotarrak-gara-kzkoak.html 

 

Irakurtzen baduzu, konturatuko zara ez dagoela zehazturik herri(alde)aren izena jakinda zein izango den herritarren izena (jentilizioa), baina esan liteke batzuetan joerak-edo badaudela, beherago ekarriko dizkizugunak.

 

 

2/ Euskaltzaindiak araututa du zein diren Euskal Herriko udal guztien izenak eta bai bertako herritarren izenak ere:

 

Araba

Bizkaia

Gipuzkoa

Nafarroa

Lapurdi

Nafarroa Beherea (I, II eta III)

Zuberoa

 

 

3/ 2016an, Euskaltzaindiak bere 178. araua onartu zuen (“Kanpoko leku-izenei dagozkien herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak sortzeko irizpideak. Euskaltzaindiaren gomendioa”), oso arau interesgarria, bertan azaltzen baitute:

·         zertarako erabiltzen diren jentilizioak (batez ere, pertsonak adierazteko, bina ez bestelakoak, salbuespenak salbuespen: bizkaitar herria da Ea → Bizkaiko herria da EA).

·         nola osatzen diren: leku-izenari eransten zaio atzizkia; beraz, Europa → europa + ar → europar (europear)

·         atzizkiaren -ar, -dar edo -tar aldaera zein erabili: analogiaz jokatu dute kanpo izenetarako, EHko herritarren izenekin dauden joerak aplikatuta (salbuespenak salbuespen). Adibidez, bi silaba baino gehiago izanik -a letraz bukatzen diren leku-izenetan, atzizkiaren -ar aldaera erabiltzen da.

·         Letra xehez idatzi behar dira.

 

4/ Gorago aipatu bezala, aldatu dizkizugu hona Euskaltzaindiak markatu dituen gidalerroak (gogoratu salbuespen mordoa dagoela, bai EHko izenetan, bai EHtik kanpokoetan):

 

a/ Leku-izena bokalez amaitua

Leku-izenaren amaiera

Atzizkiaren aldaera

Adibideak

-a

(leku izena silaba bakarrekoa edo bikoa denean)

-tar

eatar, saratar, kubatar, limatar

-a

(leku izena hiru silabakoa edo gehiagokoa denean)

-ar

arrigorriagar, getariar, andaluziar, korear

-e

-tar

igorre(z)tar, soraluzetar, eiretar, txiletar

-i

-ar

oñatiar, ahurtiar, aragoiar, burundiar

-y

-iar

kronakiar, canterburiar

-o

-ar

fiteroar, lezoar, quitoar, osloar

-u

-ar

urretxuar, angeluar, timbuktuar, estatubatuar

 

b/ Leku-izena kontsonantez amaitua

Leku-izenaren amaiera

Atzizkiaren aldaera

Adibideak

l / m / n

-dar

usurbildar, irundar, amsterdamdar

f, g, j, p, q, r, s, x, z

-tar

galartar, funestar, oiztar, riftar, wessextar

h (kontsonante ondoren)

h-aren aurreko kontsonanteari dagokiona

bangladeshtar, perthar, phnompenhdar

h (bokal ondoren)

-tar

ramallahtar, kermanxahtar

ts / tx / tz

-star / -xtar / -ztar

zarauztar, jaunsarastar, txerepovestar, felanixtar

k / c

-tar

newyorktar, quebectar

t

-ar

kuwaitar, beirutar

d

-ar

belgradar, islamabadar

b / v / w

-tar

magrebtar, telavivtar, wroclawtar

 

5/ Gure ustez, oso ohar garrantzitsua jasotzen du Euskaltzaindiaren 178. arau horrek:

Berez, edozein leku-izenetatik erator daiteke herritar-izena. Baina, askotan, ez da beharrezkoa, eta ohikoagoa da leku-genitiboa erabiltzea. Adibidez, Nire laguna newyorktarra da; haren senarra, berriz, telavivtarra esaldia zuzena eta egokia da, baina ohikoagoa da Nire laguna New Yorkekoa da; haren senarra, berriz, Tel Avivekoa esatea eta idaztea. Horretaz gainera, kontuan izan behar da zenbait leku-izenek izaera administratibo hutsa dutela, eta, askotan, tradiziorik gabekoak direla; halakoetan, ez da erabiltzen herritar-izena, leku-genitiboa baizik. Hori oso nabarmena da leku-izen konposatuetan. Adibidez, Nord-Pas de Calais, Languedoc-Roussillon edo Polinesia Frantsesa leku-izenetatik, nordpasdecalaistar, languedocroussillondar eta polinesiar-frantses herritar-izenak erator litezke, teorikoki behintzat, baina ez luke zentzu handirik hala jokatzeak. Hori gabe, normalagoa da Nord-Pas de Calaiskoa, Languedoc-Roussillongoa eta Polinesia Frantsesekoa erabiltzea.

 

6/ Aurten (2018), Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE) argitaratu du Euskaltzaindiak, bere mendeurrenaren kariaz. Zure zalantzari dagokiona da puntuetako bat: “-ar atzizkia”. Amaitzeko, bertan aipatzen den bibliografia aldatuko dizugu hona, baliteke-eta guk emandako informazioa zabaldu nahi izatea:

·         EUSKALTZAINDIA (1994). LEF batzordea, “Eratorpenaz: -ar / -tar, -dar”, Euskera 39, 3: 1044-1045.

—(2001). "Herritarren izenen atzizkiak: -ar, -tar, -dar, -oztar", Jagonet galde-erantzunak.

—(1998). "-tar eta -dun", Jagonet galde-erantzunak.

—(1999). "-tar eta -ko", Jagonet galde-erantzunak.

·         PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (155-156).

·         ZENBAITEN ARTEAN (2005). Onomastika. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (29).

·         ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (237-241).

·         EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "-AR atzizkia: atzerriko herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak", Ehulkuren aholku guztiak.