Galdera

 

'Día no lectivo': nola eman euskaraz? 


Data: 2019/01/28



Erantzuna

 

Eskolarik gabeko eguna

 

1/ Jakina, oso araututa dago –nolabait esanda– nola eman aurkakoa, euskaraz zein gure inguruko beste hizkuntzetan:

eskola(-)eguna =

día lectivo (gazt.) = school day (ing.) = journée de classe (fr.)

 

Baina, Interneten miatu, eta konturatu gara ingelesez eta frantsesez ez dagoela modu bateratu bat gaztelaniazko no lectivo hori emateko. Ingelesez, esaterako, honako hauek erabiltzen dira, zein den testuingurua:

after-school / outside of class hours / not school / no lesson / out-of-school / vacation…

Beraz, uste dugu zalantzazkoa dela gaztelaniazko formula horren termino izaera, eta erraz moldatu dezakezula, batzuetan baino ez bada ere, testuingurura:

eskola-ordutegitik kanpo (en horario no lectivo) / eskola egutegitik kanpo (en días no lectivos..) / jaiegun

 

2/ Edozein modutan, aitortu behar dugu oso erosoa izan litekeela termino modura jotzea. Beraz, gure ohiko iturrietara jo, eta Euskaltermen baino ez dugu aurkitu ordaina: “eskolarik gabeko eguna”; zoritxarrez, baina, ez dauka termino normalizatua/gomendatua delako etiketarik.

Etiketa eduki zein ez, nahiko zabalduta dago. Interneten kata bat egin, eta halaxe baieztatu dugu, erraz: ikastetxeetan, hainbat erakunde ofizialen webguneetan, komunikabideetan…