Galdera

 

Behera/Beherantz/Beheruntz: zer alde dago?


Data: 2019/01/28



Erantzuna

 

1/ Zer alde dago NORA eta NORANTZ kasuen artean, esanahiaren aldetik?

Bi kasuek dute lotura estua mugimendua adierazten duten aditzekin, baina:

 

a/ NORA kasuak mugimenduaren jomuga edo helmuga adierazten du.

b/ NORANTZ kasuak, berriz, mugimenduaren norabidea adierazten du (norabide jakin bateko noranzko bat, hobeto esanda): jomuga finkoa adierazi beharrean, gutxi gorabeherako jomuga adierazten du.

 

Beraz, beherantz doana ez doa –derrigor– behera (beheraino): nolabait esanda, jaisten hasi da, ez besterik.

 

1. adibidea: Eman dezagun Larraitzetik abiatuta Txindokira igo eta gailurrean zaudela.

a/ Mokadutxo bat jandakoan, esaten duzu “Beno, beherantz noa”: horrek ez du adierazten nahitaez Larraitzera zoazela bueltan, autoa utzi duzun lekura; baliteke Errekonta leporaino jaistea, baina gero berriz hastea igotzen, Ausa-Gaztelu mendira.

b/ Mokadutxoa jandakoan “Behera noa” esanda, berriz, litekeena da pentsatzea Larraitzeko bidea hartuko duzula bueltan, autora.

 

2. adibidea: Eman dezagun Bilbotik Azkoitira joan nahi duzula autoan. Zer egin behar duzu lehenbailehen heltzeko? Autopista hartu, Donostiarantz –baina Donostiara (Donostiaraino) joan gabe!–, Elgoibar pasatuta irten, Azkarate mendatera igo, eta beherantz jarraitu Azkoitira heldu arte.

 

2/ Zer alde dago beherantz eta beheruntz artean?

NORANTZ kasuko aldaera dialektalak dira biak; hori baino ez. Eta badira beste batzuk ere: beherantzat, beheratz, beheranz, beherontz, beherutz…

Euskara baturako, haietako bat baino ez dago onartuta: beherantz.