Galdera

 

“—Iturrira joan zara? —Bai, eta ura edan ere.”: Zuzena da?


Data: 2019/02/01



Erantzuna

 

Gure ustez, ez. Honela behar du, esaterako: “—Iturrira joan zara? —Bai, baita (bertatik) ura edan ere.”:

 

 

1/ Zure adibidean, galderaren erantzunaren atalean, bi esaldi koordinatu daude, eta juntagailuen bidez lotuak:

·         Bai (iturrira joan naiz).

·         Ura edan dut (bertatik).

Kontua hau da: euskaraz, ere erabiltzean, aditza ezabatuta badago (oso-osorik edo gutxienez laguntzailea), ezinbestean zehaztu behar da esaldiaren baiezkotasuna edo ezezkotasuna, bai edo ez txertatuta.

 

 

2/ Beraz, bigarren esaldian bi elementu hauek aipatu beharra dago, juntagailuaz gain (eta, edo, baina…): ere eta bai/ez. Hauek dira molde estandarrak:

 

a)      Aditz laguntzailea ezabatuta:

 

Berehala heldu nintzen iturrira, …

·         baita bertatik ura edan ere.

·         bai eta bertatik ura edan ere.

·         eta bai bertatik ura edan ere.

·         eta bertatik ura edan ere bai.

Iñaki ez nuen etxera eraman, …

·         ezta hurrengo egunerako gonbidatu ere.

·         ez eta hurrengo egunerako gonbidatu ere.

·         eta ez hurrengo egunerako gonbidatu ere.

·         eta hurrengo egunerako gonbidatu ere ez.

 

 

b)      Aditza oso-osorik ezabatuta:

 

Berehala heldu nintzen iturrira, …

·         baita txabolara ere.

·         bai eta txabolara ere.

·         eta bai txabolara ere.

·         eta txabolara ere bai.

Iñaki ez nuen etxera eraman, …

·         ezta Maite ere.

·         ez eta Maite ere.

·         eta ez Maite ere.

·         eta Maite ere ez.